Blai eginda dijoaz Inauteriak aurtengo urtean, baina hernaniarrek umorez hartu dute, eta asteburu polita joan da azkenean. Atzo eguraldiak tarteren bat eman zien festazaleei, eta kalean giro mugitua izan zen, batez ere eguerdian, konpartsek jarrita. Elizatxo ikastola eta Ttarla dantza taldeko kideak ibili ziren eskimal eta mimo jantzian.
Umeen eguna, gaur
Ekitaldi faltarik ez da izango gaur ere, eta denak umeei begira egindakoak izango dira. Axeri Dantza Txikiak gaztetxoei bikarrak berotuko dizkie. Poni eta zezen txikiak, haurrentzako herri kirolak, erraldoi eta buruhaundiak... goiz eta arratsalde ibiltzeko aukera izango dute txikienek gaur. Arratsaldeko 17:00etan magiaren ordua izango da. Tor magoa Atsegindegira joango da eta magia egingo du: Hator Magiara ikuskizuna emango du hain zuzen.
Bihar, sardina surtara
Sardinaren entierroa da bihar. Leku askotako Inauteriak bukatzen dira suarekin. Hark erreko ditu zomorro, edo mozorroak, udaberrirako. Hartara, uzta berria oparoagoa izango da, izurriterik batere gabea.
GAUR:
- 09:00 Musika Eskolako ikasleak.
- 10:00 Axeri Dantza gaztetxoentzat.
- 11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunben.
- 12:00 Haurrentzat herri kirolak, Zurgai taldearekin, Atsegindegin.
- 16:00 Erraldoi eta buruhaundiak, Kriskitiña dantza taldearekin eta Musika Eskolako dultzaineroekin.
- 17:00 Haurrentzat emanaldia: Hator Magiara Tor magoarekin, Atsegindegin.