Oraingo palista onenak dira, denak mundialista izandakoak, eta elkarren kontra ariko dira, 4 igandez jarraian, otsailaren 17an hasita. Amaia Irazustabarrena hernaniarra tartean da, eta bera da gazteena. Gainerakoak, esperientzia haundikoak: Maite Ruiz de Larramendi eulatearra da bat, Irazustabarrenarekin ariko dena. Maider Mendizabal (Anoeta) eta Bea Adueza (Iruña); Amaia Etchelecu (Donibane Lohitzune) eta Nagore Arozena (Lizartza); Susana Muneta (Legaria) eta Amaia Serre (Donazaharre). Hiru gipuzkoar, hiru nafar, behenafartar bat, eta lapurtar bat. Egungo zortzi palista onentsuenak dira, inongo zalantzarik gabe, eta lau igandetan ariko dira elkarren kontra.
Pelotadenda Saria, Beotibarren hasi eta Hernanin bukatu
Hernaniko Pelotadendak antolatu du eliteko txapelketa hau, jendeak gozatzeko aukera izan dezan emakumezko palista onenak frontoian ikusita. Otsailaren 17an hasiko da txapelketa, Tolosako Beotibarren; otsailaren 24an Hendaiako Beltzenian; martxoaren 3an Iruñako Labriten; eta martxoaren 10ean, final haundia, Hernanin.