Belauneko operazio bat tarteko, Hernaniko errehabilitazio zentroan dabilen gazte hernaniar batek saioa bukatu berri du. Gaur, medikuarekin kontsulta izan du eta bere bilakaera aztertu ondoren, hilabete gehiagoz luzatu dio tratamendua. Etxera doa, biharko saiora arte. Asteazkena da, eguerdiko 12:00ak pasatxo, eta beste 6 paziente daude zentroan. Kini Iraola eta Rakel Baz fisioterapeutak ari dira lanean. Jesus Coello medikua ere bere bulegoan dago beste paziente batekin bilduta. Bi paziente gehiago iritsi dira. Mugimendua etengabea da. Gaur egun, 109 paziente dituzte egunero. «Kopuru hori normala da eta gure lan erritmoa horrelakoxea da. Etengabe aritzen gara, batekin ez bada bestearekin. Guri ez zaigu gertatzen, pazientea noiz etorriko zain egon beharra», dio Iraolak, Hernaniko errehabilitazio zentroko arduradunak. Lan erritmoa haundia da, baina giro ederra da nagusi: «Oso gustora egiten dugu lan; izan ere, oso jende atsegina etortzen da».
30 urte inguru,
arazo fisikoak tratatzen
Hernaniko errehabilitazio zentroa Matia Fundazioarena da. Orain dela 30 urte inguru sortu zen. Matiako zaharren egoitzako errehabilitazio zentrotik sortu zen eta hasiera batean Sandiusterrin zegoen. Ondoren, Latsunbeberri auzora aldatu zuten eta 2008ko apiriletik Antziolan dago, Oriamendi kalean. Latsunbeberriko egoitza txiki geratu zen eta oraingoak, leku gehiago izateaz gain, zerbitzu modernoagoa eta beharretara egokitua eskaintzen du. «Horrez gain, oso leku aproposean dago: leku lasaia da, parkea ondoan dugu, aparkatzeko lekua dago...», nabarmendu du Iraolak.
Hernaniko errehabilitazio zentroan, edozein motatako arazo fisikoak tratatzen dituzte. Eta Matia Fundazioak, normalean, adindu eta ezinduekin lan egiten badu ere, errehabilitazio zentroa adin guztietako jendearentzako da; gazte nahiz adinekoak joan daitezke bertara.
Osakidetza bidez edo modu partikularrean
Errehabilitazio zentrora joaten diren paziente gehienak Osakidetzak bideratzen ditu. «Kabezerako medikuak edo espezialistak Matiara deitzen du eta errehabilitazio zentroko medikuak kontsulta pasatzen dio pazienteari. Berak esaten dio zein tratamendu jarraitu behar duen eta zenbat saio behar dituen, hasteko. Medikua astero etortzen da eta pazienteen bilkaera baloratzen du. Medikua pazienteen gainean egoten da eta hori oso garrantzitsua da; baita guretzat ere, seguritatea ematen du», azaldu du Iraolak. Pazienteei lehentasuna, medikuak ematen die patologiaren arabera.
Normalean, Osakidetzatik doazen pazienteak badira ere, partikularrek ere erabili dezakete zerbitzu hau. Horretarako, Matiara deitu behar dute eta bertako sendagile batek pasako dio kontsulta.
Hernaniko zentroan, bertako pazienteak eta inguruko herrietakoak ibiltzen dira: Astigarragakoak, Urnietakoak, Goizuetakoak... Dena dela, ez dute lehentasunik bertako herritarrek. Norberak erabakitzen du zein zentrotara joan nahi duen.
Sorbaldako lesioak,
batez ere
Hernaniko zentroan, denetariko arazo fisikoak tratatzen dituzte: tendinitisak, hezur hautsiak, bihurrituak, zain-tiratuak... Gaixotasun erreumatiko, neurologiko eta traumatikoak, bihotz-patologiak eta arnas patologiak... izaten dira. «Batez ere sorbaldako lesioekin etortzen dira pazienteak, baina badira lepokoak, zerbikaletakoak, lunbaretakoak, belaunekoak...», dio Iraolak.
Errehabilitazio teknikak ere hainbat dira: zinesiterapia, drenajeak, mekanoterapia eta fisioterapia. Eta horretarako aparatu zehatzak dituzte. Punta-puntako aparatuak, gainera. «Zentroa berria da eta makinak ere bai. Horien artean bat bada bi paziente batera edukitzeko aukera ematen duena eta denak inbidiatan ditugu. Matiako erreginak gara», dio barrez Iraolak.
Zentroa, gune ezberdinetan banatua
Hernaniko zentroa gune ezberdinetan banatua dago. Gela nagusian biltzen dira denak, normalean. Bertan daude beharrezko material eta aparatuak. Dena dela, gela nagusia ere guneka banatua dago. Alde batean dago ariketak egiteko gunea eta beste aldean elektroterapiarako gunea, eta baita VIP gunea deritzotena ere, bi kamila haundirekin: «ezkutu xamarrean geratzen da eta horregatik deitzen diogu horrela», dio Iraolak.
Elektroterapiarako lau aparatu dituzte: ultrasonidoa, interferentziala, ultrasonido eta iontoforesis konbinatua eta iontoforesis bikoitza (azken hori da aurrez aipatutako punta-puntako aparatua).
VIP gunea, berriz, krioterapia egiteko prestatua dago. Izozkailu bat daukate eta izoztutako `poltsatso´ batzuk erabiltzen dituzte tratamenduan. «Tendinitis kasuetarako oso ona da eta oso merkea. Edozein etxetan egon beharko lukete. Hori bai, kontuz ibili behar da ez erretzeko», gaineratu du Iraolak. Gune berean, parafina bainuak ere egiten dituzte: «Esaterako, artritisarentzat oso onak dira».
Zentroko gela nagusiaz gain, beste gela bat dago, gela polibalentea. Bertan daude, bizikleta estatikoa, taka taka, gomazko baloi haundiak... Gela hori bilera, ikastaro
etabarretarako ere erabiltzen dute. Horiez gain, medikuaren bulegoa, langileentzako gela eta aldagelak daude.
Urtean, 20.000 tratamendu
Gaur egun, egunero, 109 paziente dauzkate Hernaniko errehabilitazio zentroan. Eta 60 pertsona zain dauzkate. Matiako gainerako errehabilitazio zentroetan ere egoera antzekoa da. Urtetik urtera eskaria haunditzen doala diote. Urtean, 20.000 tratamendu izaten dituzte Hernanin eta Matiako zentro guztiak kontuan hartuta, 180.000 tratamendu.
Boladak izaten direla diote, eta krisi garaian paziente kopurua areagotu egin dela ikusi dute. Hala dio Iraolak: «Normala da, kalean dagoenaren isla da. Garai onak bizi ditugunean aurrera jarraitzen dugu, baina egoera zailean gaudenean, estututa gaudenean, atentzioa behar izaten dugu».
Hernanin, bost fisioterapeuta ari dira lanean: Kini Iraola, Rakel Baz, Maialen Galparsoro, Ane Gurrutxaga eta Judith Alday. Etengabe aritzen dira 07:30etatik 20:30etara, astelehenetik ostiralera. Batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez aritzen dira, txandaka. Fisioterapeutak, bataz beste, 3 paziente izaten ditu aldi berean.
Familia giroa
Atentzio pertsonalizatua eta gertukoa eskaintzen dute errehabilitazio zentroan eta familia giroa da nagusi. Festak ere ospatzen dituzte: Santo Tomas, Gabonak... Orain, Inauterietan gaudela kontuan hartuta, ostiralean mozorrotu egin ziren, pitonisaz. Paziente batzuk ere animatu ziren.
Seinaleak jartzeko beharra
Hernaniko zentroa leku egokian egon arren, aurkitzeko zaila dela nabarmendu dio Kronikari Iraolak eta herrian zehar seinaleak jartzea egokia litzatekeela dio: «Eguneroko kontua da jendeari azaldu beharra non dagoen eta nola iritsi daitekeen bertara; eta eragina du lanean». Matia Fundazioa pausoak ematen ari da horretarako.
Beste sei errehabilitazio zentro Gipuzkoan
Matia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, 130 urtetik gorako ibilbidea du eta adindu eta ezinduei zerbitzu soziosanitarioa eskaintzea du helburu nagusia. Hori horrela ditu: 6 egoitza-zentro, 5 eguneko zentro, ospitale bat, etxebizitzetara zerbitzua, Matia Orienta... Horrez gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu, herritar guztiei zuzenduta, eta horien artean daude errehabilitazio zentroak. Hernanikoaz gain, beste 6 daude Gipuzkoan: lau Donostian eta Lasarte eta Zarautzen bana.
Nola iritsi?Errehabilitazio zentrua Hernaniko Oriamendi kalean dago, Antziola auzoan. Antziola kalea eta Argarain kalea elkartzen diren ixkinean abiatzen da Oriamendi kalea. Argarain kalea da, Kiroldegi ondoan, Latsunbe kalean ezkerretara hartu daitekeen kalea. Villa Ave Maria atzean geratzen da zentroa, Alaia hortz klinikatik gertu.
Telefonoa: 943 33 56 89
Emaila: rehabilitacion.hernani@matiafundazioa.net