Lan baldintzak hobetuko zaizkie Hernanin helduekin lanean ari diren 26 langileri. Zehatz esateko, %2,6 igoko zaie soldata 2013an, (KPI-IPCari dagokiona). Horrez gain, aintzinatasunean KPI baino igoera altuagoa izango dute, eta beste proposamen bat ere egin da, atsedenaldiarekin lotura duena. Foru Aldundiak hartu du konpromiso hori, eta Gipuzkoako 4.800 langileri eragingo die. Foru Aldundiak horretarako, 8,2 miloi euro jarriko ditu, eta bi urteko konpromisoa hartu du.
Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak prentsaurrekoa eman zuen atzo, eta berarekin batera izan zen Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendari Txelo Perez. Konpromiso hori hartuta, Foru Aldundiak askatu egin nahi du langile eta patronalaren artean dagoen blokeoa.
Subkontratatutako langileak
Erabaki honek eragingo die soilik azpikontratatuta dauden langileei. Gipuzkoan 4.800 langile dira egoera horretan, eta horietatik 26 Hernanin. Batzuk, Eguneko Zentroan lanean ari dira, eta beste batzuk Zaharren Egoitzan gaueko turnoak egiten.
Langile horiek hainbat enpresek azpikontratatuta daude, eta aspaldi ari dira lan baldintza hobeak eskatzen. Patronala eta langileak akordiorik ez zuten ixten Lan Hitzarmen berri baterako, eta hiru eguneko greba iragarria zuten langileek otsailaren 27tik aurrera. Orain ikusi beharko da, neurri berri honekin zertan geratzen diren konbokatoria horiek.
Rodriguez: «Diputazioaren betebeharra da langile horien eskubideak betetzea »
Azpikontratatuak egonagatik, Diputazioak finantzatuta ordaintzen dira soldata horiek, eta Rodriguezek dio Diputazioarena dela horien ardura: «Langile horiek lan eskubideak betetzea Diputazioaren betebeharra da». Horrez gain, jakinarazi du oso kezkatuta daudela zer gertatuko den hiru eguneko grebak aurrera egiten badu. «Gipuzkoan 7.067 plaza eskaintzen dira adinekoen egoitzetan, eta horietatik 6.169 plaza dira Diputazioak hitzartutakoak eta finantziatutakoak. Beraz, Diputazioaren ardura da zerbitzu on bat ematea».
Rodriguez: «Orain ez dago arrazoirik langileen eskubideak urratzeko»
Diputatuak jakinarazi duenez, kalkuluak aterata daude eta, «ez dago arrazoi teknikorik ezta ekonomikorik ere langileen eskubideak urratzeko», eta «neurri legal guztiak erabiliko ditugu enpresei betearazteko».