Oporrak Bakean programan parte hartu eta udako oporraldian haur sahararrak etxean hartzeko izen-ematea aste honetan egin ahal izango da. Horretarako, harremanetan jarri behar da Marijo Moran, Hernaniko Udaleko LANBIDEko Zentro Laguntzaileko arduradunarekin, Karobieta kaleko 63an (Enplegu Gunea), 943 33 68 02ra deituta edo marijo-m@hernani.netera idatzita. Programa honi esker, haur sahararrek udan desertutik ateratzeko aukera izaten dute, 50 graduko tenperaturak sahiesteko. Era berean, elikadura eta osasuna zaintzeko aukera ematen zaie, eta bi familia eta herrialderen arteko harremanak indartzen dira.
Udalaren laguntza
Hernaniko Udalak hainbat laguntza ematen dizkie haur sahararrak etxean hartzen dituzten familiei. Batetik, haurren hegaldia ordaintzen du. Eta bestetik, udalekuak antolatzen ditu, haur sahararrak goizetan elkarrekin egon daitezen eta familiei denbora librea izateko aukera emanez. Familia hernaniarrak ere elkartzen dira, planak antolatu ahal izateko.