«GORA Inauteriak eta gora Hernani!» esanez eman zieten hasiera Inauteriei Julia Ayerra eta Lourdes Leibarrek, atzo. Zinkoenea kioskoko ama-alabak izan dira omenduak aurten. Eskerrak eman zituzten omenaldiagatik eta festa egun hauekin ondo pasatzeko deia egin zuten. Eguraldiaren eraginez, Plazan egin beharrean, Atsegindegin egin zen ekitaldia, baina girorik ez zen falta izan. Eskolako umeak dantzan ibili ziren Lagunak txarangaren erritmora. Horrez gain, Eusko diskotekaz eta pelota partiduez gozatzeko aukera ere izan zen atzo, besteak beste. Bakeroak, indioak, hippieak, pailazoak... adin ezberdinetako herritarrak mozorrotuta atera ziren atzo kalera Hernanin eta astertera bitarte halaxe izango da.
Axeri Dantza, gaur goizean
Egunik potoloena gaurkoa izango da. Hori horrela, ekintza ugari antolatu dituzte. Hasteko, goizeko 10:00etan, Axeri Dantza izango da. Haur eta gaztetxoek ere izango dute zerekin gozatu. Goizeko 11:30etan, poniak eta zezen txikiak izango dituzte Latsunben. Horrez gain, 17:00etan, emanaldia eskainiko dute Potxin eta Patxinek Atsegindegin. Gaztetxoek, berriz, euren abileziak erakusketako aukera izango dute, Mozorro Festan. Atsegindegin izango da 18:30etan. Inauterietan eta festa guztietan ohi den bezala, musikarik ez da faltako. Besteak beste, Ezpeletako txaranga gonbidatu du San Joan Konpartsak eta 18:30etan erromeria izango da. Inauterietako txaranga eta Betikoak txaranga ere ibiliko dira herria girotzen.
Gazte Asanbladak, kedada, bazkaria eta kale buelta
Hernaniko Gazte Asanbladak ere ekintza ezberdinak antolatu ditu gaur. Eguerdiko 12:00etan kedada dago Zinkoenean. Koadrila bakoitza bere karrozarekin azaltzeko dei egin dute. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Biteri plazan (eguraldi txarrarekin, udaletxeko arkupetan). 10 euroren truke izango da eta aurten, tiketak baberoengatik ordezkatu dituzte. Hala azaldu dute: «Inauteriak gerturatzearekin batera, adurrak gogoarengan eragin eta ahoz beherakoan bortizki eragiten du. Bapo bazkaltzeko aukera paregabea denok eskertzen dugu, aitzitik, txukuntasuna, garbitasuna eta haur irrigarri bilakatzearen unea gustagarria gertatzen da oso. Hernaniko Inauteriak gero eta koloretsuagoak omen, gazteak, haurrak eta helduak mozorro, zapi, sudur eta musikaz blaitzen dira; busti, zikindu. Hau dela eta, aurtengo inauterietako bazkarirako baberoa, adur-zapia, lerde-zapia eskuratzea ezinbestekoa izango da punta-puntako sukaldariek egindako bazkari atsegingarri, zoragarria dastatu ahal izateko». Arratsaldean, berriz, 17:30ak aldera, kale buelta egingo dute.
Konpartsen irteera eta Disko Festa, bihar
Biharko eguna ere, egun potoloa izango da herritar askorentzat. Konpartsen irteera izango da 12:00etatik aurrera eta jendetza bilduko da, urtero bezala. Hiru konpartsek girotuko dituzte herriko kaleak: Ttarla dantza taldeak, Elizatxo ikastolak eta Inmakulada ikastetxeak. Urbieta kaletik abiatuko dira. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, berriz, haurrentzako Disko Festa izango da Atsegindegin Ttiki Ttaka irrati taldearekin. Horrez gain, goizean eta arratsaldean Inauterietako txaranga ibiliko da herriko txokoak girotzen. Eta ilunabarrean, Musika Eskolako trikitilari eta dultzaineroen erritmora ibiltzeko aukera ere izango da.
Astelehenean, Axeri Dantza eta ekintza ugari gaztetxoentzat
Haur eta gaztetxoentzako egun aproposa izango da astelehena. Musika Eskolako ikasleak goizeko 09:00etan hasiko dira herria esnatzen euren instrumentuen laguntzarekin eta ondoren, 10:00etan, Axeri Dantza izango da gaztetxoentzat. Gaur, bezala, haurrek poniak eta zezen txikiak izango dituzte Latsunben. Horrez gain, haurrentzat baita ere, herri kirolak izango dira Atsegindegin. Zurgai taldea ariko da zeregin horretan. Arratsaldean ere jarraituko du festa giroak eta erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira Kriskitiña dantza taldearekin eta Musika Eskolako dultzaineroekin. Arratsaldeko 17:00etan, haurrentzako magia emanaldia eskainiko du Tor magoak, Atsegindegin. Emanaldia: Hator magiara.
Sardinaren entierroa, Inauteriak agurtzeko
Ohi bezala, Inauteriak agurtzeko, sardinaren entierroa izango da asteartean. Beltzez jantzitako alargunek, zapiak eskuetan dituztela, negar batean egingo dute kale buelta sardina erraldoiarekin. Eta ondoren su emango diote urteko kalte guztiak uxatuz. Entierroa 18:30etan abiatuko da plazatik.
EGITARAUA
GAUR:
- 10:00 Axeri Dantza.
- 11:30 Inauterietako txaranga.
- 11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat. Latsunben.
- 12:00 Ezpeletako txaranga. San Joan Konpartsak antolatuta.
- 13:00 Erraldoi eta buruhaundiak, Kriskitiña dantza taldearekin.
- 17:00 Haurrentzat emanaldia: Txangoa Potxin eta Patxinekin, Atsegindegin.
- 18:00 Inauterietako txaranga.
- 18:30 Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegin.
- 18:30 Erromeria Ezpelatako txarangarekin, Plaza Berrin. San Joan Konpartsak antolatuta.
- 00:00 Betikoak txarangaren irteera.
Gazte Asanblada:
-12:00 kedada Zinkoenean. Koadrila bakoitza bere karrozekin.
- 14:00 Bazkaria.
- 17:30 Kale buelta.
BIHAR:
- 11:30 Inauterietako txaranga.
- 12:00 Konpartsen irteera Urbietatik. Ttarla, Elizatxo eta Inmakulada.
- 17:00 Haurrentzat disko festa Ttiki Ttaka Irrati taldearekin, Atsegindegin.
- 18:00 Inauterietako txaranga.
- 19:30 Musika Eskolako trikitilari eta dultzaineroen irteera.
ASTELEHENA:
- 09:00 Musika Eskolako ikasleak.
- 10:00 Axeri Dantza gaztetxoentzat.
- 11:30 Poniak eta zezen txikiak haurrentzat, Latsunben.
- 12:00 Haurrentzat herri kirolak, Zurgai taldearekin, Atsegindegin.
- 16:00 Erraldoi eta buruhaundiak, Kriskitiña dantza taldearekin eta Musika Eskolako dultzaineroekin.
- 17:00 Haurrentzat emanaldia: Hator Magiara Tor magoarekin, Atsegindegin.
ASTEARTEA:
- 18:30 Sardinaren entierroa.
Foto Forum Hernani elkarteak argazkiak aterako ditu Inauterietako ekintza guztietan.