Hirugarren denboraldia du aurtengoa Bingen Erdoziak Eibarren. Taldea, historikoki 2garren A mailakoa izan bada ere, Erdoziak ez du garai hori ezagutu. Hala ere, «oso gustora» dagoela aitortzen du, eta dagoeneko, beteranoetako bat da Eibarren. Aurten lortuko dute agian, dagokien maila berreskuratzea.
Eibarren gustora zaude, baina Realeko jokalari izatera iristeko aukera izan zenuen, eta Griezmann dago orain leku horretan... Horrek ilusioak puskatzen ditu?
Zenbatek galdetu ote dit hori! 2008an Sansek fitxatu ninduen, 3 urterako, eta 2garrenean lehenengo taldearekin entrenatzen aritu nintzen. Hurrengo denboraldian, lehenengo partidurako, amistoso baterako, konbokatu ninduten, baina bizkarreko lesio bat izan nuen, eta Griezmanni eman zioten aukera.
Bere momentuan bai, pentsatzen duzu, ‘aukera izan banu!’. Baina nork daki, agian ez duzu ondo aprobetxatzen. Orain ahaztuta daukat hori, gustora nago Eibarren. Bakoitzak bere lekuan bukatzen du, normalean.
Hirugarren urtea duzu Eibarren. Ondo egokitu zara?
Hasieran Eibarko bi taldetan jokatzen nuen, eta azken bi urteetan, lehenengo taldean nabil. Beste mundu bat da. Jende beteranoa dago, asko hemengoak dira... Oso giro atsegina da, eta aukera polita ematen dit futbolean jarraitzeko, eta baita diru pixka bat irabazteko ere.
Gustora bazaude ere, aldatuko zenuke taldea?
Hau txollo bat da; honek futboletik bizitzeko aukera ematen dit, eta denbora ere badut, pixkanaka, Publizitatea ikasteko. Puntu honetara iritsita, badakit ez naizela lehenengo mailako jokalaria izango. Ez dut anbiziorik, ez dakit nora joateko. Noski, aukera etorriz gero, ongi-etorria izango da, baina gustora nago Eibarren.
Kontratua ordea, ekainean bukatuko zaizu. Aukerarik bai, bertan jarraitzeko?
Beti transmititu izan didate gustora daudela nirekin, eta konfirmatuta ezer ez badago ere, badirudi berritzeko aukera izango dudala. Beste esperientziaren bat edukitzea ondo egongo litzateke, baina gauzak nola dauden ikusita, inteligenteena Eibarren gelditzea da, eta hori egingo dudala uste dut. Maila honetan, ekonomikoki gauzak ez dira errazak, eta Eibar ekipo serioa da; beti ordaintzen du.
Taldeari dagokionez, denboraldi txukuna egiten ari zarete.
Bi urtetan segidan jokatu ditugu Play Offak. Zaila da berriro 2garren A mailara igotzea, baina ea aurtengoan lortzen dugun! Gero ere, ondo moldatuko ginatekeela uste dut.
Egia esan, datozen bi partiduetan argiago ikusiko dugu zein helburu finkatu denboraldia bukatzerako. Gaur, 17:00etan Barakaldoren aurka jokatuko dugu, eta badugu irabazteko aukerarik. Bosgarren daude sailkapenean, eta lehenago ere irabazi genien.
Hurrengo partidua berriz, Alavesen aurkakoa izango dugu. Aurrekoan irabazi egin genien, baina oraingoan, Mendizorrotzan jokatu beharko dugu, eta hasieran lehenengo postuarengatik borrokan ibili baginen ere, orain 6 puntu ateratzen dizkigute, eta gu bigarren gaude sailkapenean.
Beti ezkerrean, baina atzealdean eta erdian jokatu izan duzu. Non ibiltzen zara hobeto?
Dudarik gabe, defentsan hobeto aritzen naiz, txokoan.
Eibarren gustora, eta mailaz igotzeko aukerarekin izan arren, zein dira Bingen Erdoziaren ametsak?
Polita litzateke Ingalaterran jokatu ahal izatea: futbola bizi egiten dute, ingelesa ikasiko nuke, eta kanpoan bizitzea zer den jakingo nuke. Futbolagatik ezin dut Erasmusik egin, eta aukera bat izango litzateke hau!