UrtEro jartzen dute umorea eta giroa herrian, Zinkoeneako ama-alabek. Duela egun batzuk «plantxatuta eta prest» omen zituzten, dagoeneko, hainbat mozorro; aurten, bat gehiago. Izan ere, gaur bertan omenaldia jasoko dute, Inauterien hasiera ofizialean.
Espero zenuten halakorik?
L.L.: Sorpresa haundia izan da. Ama oso alaia da eta beti ateratzen da konpartsetan; baita San Juanetan ere. Polita da omenaldia jasotzea, baina izugarrizko lotsa ematen dit! Gero, badakit paperan sartuko naizela baina...
J.A.: Nik plantxatuta eta prest dauzkat hiru egunetarako mozorroak, eta omenaldian esan beharrekoa ere prestatu dut!
L.L: Baina gauza txikia izango da. Jendea galdezka aritu zaigu, eta ez dakit zer espero duten!
Asko aldatu dira Inauteriak, azken urteetan?
L.L: Orain partehartzaileagoak dira, eta jende gehiago mozorrotzen da, gazteak bereziki.
J.A.: Noski! Gu ikusita pikatu egiten dira eta!
L.L: Bai, egia da. Urte batzuetan jende helduxeagoa bakarrik mozorrotu izan da, eta orain, gazte jendea berriro ere hasi da mozorrotzen. Hala ere, igande arratsaldea xoxo xamarra izaten da. Lagunak atera izan gara, bazkalondorenean, konpartsarekin buelta bat ematera behintzat, ez da ezer egoten eta.
J.A.: Nik gerra aurreko Inauteriak ditut gogoan. 8-10 urte inguru izango nituen... Orduan bai mozorrotzen zela jendea! A ze Inauteriak, ordukoak!
Nondik datorkizue Inauterietarako grina?
L.L: Izan ditudan gurasoak izanda... familiaren odolean daramazkigu Inauteriak!
J.A.: Senarra eta biok karnabaletako astelehenarekin ezkondu ginen, eta Lourdes berriz, karnabaletako igandearekin jaio zen! Senarrak baimena eskatu zidan hala ere, Tolosako Inauterietara joateko. Alaba jaio berritan ere, ezin joan gabe geratu!
Erraz transmititzen diezue ingurukoei zuen festarako gogoa?
L.L: Gustatu egin behar zaizu. Nire senarrari ez zaizkio batere gustatzen!
J.A.: Benetan gozatzen ditugu. Jendea zain izaten dugu, beti galdezka, zer prestatu ote dugun.
L.L.: Lehengo urtean Onddi tabernakoak omendu zituzten, eta bazirudien tabernako pareta gurea zela! Hura lotsa! Dena gure argazkiekin beteta!
Zer gustatzen zaizue gehien?
L.L: Txaranga! Aita Bandako musikaria zen eta... Askotan gertatu izan zait, txarangan nabilela atzera begiratu, eta ama ikusi atzean saltoka, 85 urterekin! Esaten diot: «ama, bihar kioskoa ireki behar dugula! Eta barre egiten dit!»