Makilak (eta aterkiak) eskutan, Santa Agedaren ibilerak kantatuz ibili ziren atzo arratsaldean lau koadrila, kale bueltan eta etxez etxe. Ohitura Zaharrak abesbatzako kideak Milagrosatik abiatu ziren eta azken 51 urte hauetan egin bezala, Zaharren Egoitza eta Kaxkoa girotu zituzten. Txistulari Bandako eta Bertso Eskolako bi bertsolariren laguntza ere izan zuten. Zazpi kide aritu ziren bakarlari lanetan: Jokin, Andoni, Xabier, Iñigo, Imanol, Iñaki eta Joxe Ramon. Bertsotan, berriz, Iñaki Zelaia eta Jon Iraola. Eguraldiak lagundu ez arren, koadrila koxkorra elkartu zen. Goiz Eguzki eta Kantuz abesbatzetako kideak ere herriko kaleetan barrena ibili ziren.
Ereñotzun ere ez zuten hutsik egin eta ohitura zaharra berritzeko asmoz ibili ziren aterik ate. Bakarlari lanetan Inaxio Santa Kruz eta Eñaut Agirre aritu ziren eta bertsotan, Aritz Zerain eta Unai Agirre. Santa-eskea bukatzeko, tragoa baino gehiago hartu zuten Larre-gain sagardotegian.