Atzoko eguna garrantzitsua izan zen Hernaniko turismoarentzat. Batetik, Hernaniko Udalak eta Behemendik hitzarmena sinatu zuten, Hernaniko turismoan elkarlanean jarraitzeko. Bestetik, bailarako hainbat ostalaritza enpresa bildu ziren Biterin, eta azalpenak eman zitzaizkien kalitatezko zigilua lortzeko programa bati buruz.
Hernaniko Udalak eta Behemendik hitzarmena, urte guztirako
Urte guztiko hitzarmena sinatu zuten atzo, Luis Intxauspe Hernaniko Alkateak eta Juan Cruz Alberdi Behemendiko arduradunak. Aurten ere txotx denboraldian Pakete Turistikoa izango da aukeran bai hernaniarrentzat eta bai kanpotarrentzat: tren turistikoan bidaia, Kaxko historikoa ezagutzea, sagardotegietan kata eta bazkaria...
Iazko eskaintza mantendu egingo da, eta udaran eta txotx denboraldian informazio puntua izango da Biteri aurreko plazan. Pakete turistikoa eta informazio puntuan ariko den langilea Behemendiren bitartez kontratatuko dira, eta horrez gain, erabateko elkarlanean ariko dira bi aldeak.
Turismo informazio
bulegoa, Biterin
Sinadura ekitaldia Biterin izan zen, Turismo informazio bulego berrian, hain zuzen. Lehen Atez Ateko bulegoa zeoen hor, eta orain Turismo informazio bulegoa izango da. Bertan ariko dira Udal Turismo teknikaria, eta Behemendiko langile bat, bailarako turismo dinamizatzailea, hain zuzen ere. Astelehenetik ostiralera ariko dira, goizez.
Intxauspek azaldu zuen, Hernani pausoak ematen ari dela turismoari bultzada bat emateko. «Orain txotx denboraldiari begira ari gara, baina Hernanik baditu gauza interesgarri gehiago ere, eta jakinarazi egin behar ditugu: ondare historikoa (Kaxkoa, megalitoak), natur ondarea (Aiako Harria parkea)... gaur egun udaran eta neguan zentratzen dugu turismo plana, baina nahi dugu urte guztira zabaltzea. Alde horretatik, lujo bat da Behemendi bezalako talde bat gurekin lanean aritzea».
«Herritarrentzat ere bai»
Intxauspek azpimarratu zuen, herritarrei begira ere egiten dela turismo plana, eta proposatzen diren ekintza ia guztiak herritarrentzat ere interesgarriak direla. Azken nobedadea da, adibidez, ibilbide berri bat, Hernaniko 16 parke eta plaza pasatzen dituena. Mapa eta guztiko ibilbidea da, eta baliagarri du herritar zein kanpokoak.
Kalitatezko oinarrizko
seiloa, enpresa txikientzat
Behemendik eta Basquetourrek programa bat aurkeztu zuten atzo, kalitatezko oinarrizko zigilua lortzeko. Ostalaritzako enpresa txikientzat da programa hori, eta urtebetean lortu liteke zigilua (35 ordu inguru dedikatuta), dohainik. Asteartean hasten da kurtsoa, eta 15 enpresa behar dira taldea sortzeko. Momentuz 11 daude izena emanda. Informazio gehiago: 656 705 243.