Asteburuan Inauteri doinuak izan dira nagusi Hernanin. Larunbat gauean Hungariako kalderero talde haundi bat ibili zen herrian barrena kantari eta dantzan, Elur Txori elkartean afaldu ostean. Zartagi hotsek lainoak uxatu zituzten nonbait, eta giro ederra izan zen kaleetan.
Atzo berriz, Urumea ikastetxeko Iñude eta Artzaien konpartsak, eguraldia berriro ere lagun, kaleak alaitu zituen. Segidan, Musika Bandak ere Inauteri doinu alaiak jo zituen arkupeetako kontzertuan.
Santa-eskean, gaur
Gaurkoa berriz, Santa Ageda bezpera da, eta santa-eskean aterako dira Ohitura Zaharrak abesbatza, (18:15etan Milagrosan), eta Ereñotzun, Ur Mia elkarteko kideak, eta Txirrita eskolako haur, guraso eta irakasleak.