Ehundik gora herritar elkartu ziren atzo eguerdian Tilosetan, Atez Ateko hondakin sistemari babesa erakusteko. Hernani, Oiartzun, Antzuola eta Usurbilgo biztanleak bildu ziren, «Atez Atekoa ezagutzeko pribilegioa daukagunok, bizimodu erabat normala egiten segitzen dugula» aldarrikatzeko, eta «bilketa sistema honen kontra esaten diren gezurrei» aurre egiteko.
«34 udalen erabakiaren aurkako gezur erauntsia»
Duela ia urtebete 34 udalek «arduraz jokatuz hondakinen gaikako bilketa eraginkorraren alde egitea erabaki zutenetik sekulako gezur erauntsia jasaten» ari direla azaldu zuten. «Gezur guztien gainetik Atez Atekoa sistema eraginkor eta justua izateaz gain, sistema eroso, garbi eta merkea dela» argitu nahi izan zuten, eta «herri guztiak bide horretatik joanez gero, erraustegi eta zabortegi toxikorik gabeko Gipuzkoa edukitzea lortuko dugula» jakinarazi nahi izan zieten gipuzkoar guztiei.