Aurten ere pasako da Korrika Hernanitik; martxoaren 23an hain zuzen. Hori dela eta, motorrak berotzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira Korrika Kulturalaren barruan. Horietako bat izango da gaurkoa. Gazta zati bat dokumentalerako, Esnekiak taldeak sortutako soinu banda entzuteko aukera izango da, irudia eta zuzeneko sorkuntzarekin osatutako emanaldian. Ikuskizuna 18:30etan hasiko da, Biterin, eta sarrerak salgai daude, 7 eurotan.
Hainbat artista batera
Batetik, Gazta zati bat dokumentalerako Xabier Solanok eta Zigor DZak sortutako soinu bandako musika entzun ahal izango da. Bestetik, Keu Agirretxea eta Aitor Zabaleta musikariek ere parte hartuko dute, zuzeneko sorkuntzan. Azkenik, Udane Juaristi margolariak irudiak jarriko ditu, ikuskizuna borobiltzeko. Honekin guztiarekin, Jon Maiak zuzendutako Gazta zati bat dokumentaleko protagonistak, Idiazabalgo gazta zatiak, alegia, egindako bidaia ezagutzeko aukera izango du ikusleak.
Ekitaldi gehiago, Korrika iritsi arte
Korrika Kulturalaren barruan antolatutako ekitaldietan lehenengoa izango da gaurko kontzertua. Baina martxoaren 23ra arte, beste hainbat emanaldi antolatu dira. Besteak beste, otsailaren 21etik martxoaren 1era bitartean, erakusketa bat jarriko da, Korrikaren historia eta ibilbidearen berri emateko. Bestalde, beste hainbat hitzaldi, musika edota tailer ere izango dira, aurrerago.