Hernanin bada aukera otsailean ere kirola, musika, eskulanak edo beste hainbat gauza gustatzen zaizkionarentzat. Parte hartzaile dezente izango dira beste behin, Sagar Lasterra herri krossean, gora baitijoa parte hartzaile konpurua. Rock in Tilos kontzertuak ere hautsak harrotuko ditu rock musika zaleen artean. Horrez gain, Inauteriek protagonismoa hartuko dute, lau eguneko festa izango baita herrian. Eta nola ez, beste hainbat ekitaldi ere izango dira, Santa Ageda bezperako erronda, Antzerki Zikloa eta abar...
Rock in Tilos, urteroko kontzertu berritua
Ohitura haundiko kontzertua, aire berriekin dakarkite aurten Gazte Asanbladako kideek. Rock in Tilos, talde bat baino gehiago bilduko dituen kontzertua antolatu dute, otsailaren 16an. Dagoeneko prestatzeko bilera mordoxka eginda daude, eta dena prest izango da bi aste barru, larunbatez.
Sagar Lasterra, zazpigarrena
Txotx denboraldiaren barruan korrika saioa egiten hasi ziren orain dela zazpi urte, sagardotegi inguruetan barrena, eta pixkanaka izena hartzen dijoan lasterketa herrikoia bihurtu da, Sagar Lasterra. Iaz ia 300 korrikalarik bukatu zuten Sagar Lasterra, eta orain arteko marka jarri zuten. 9 km ditu ibilbideak eta paraje ederretan pasatzen da, Hernaniko alderdi berdeenetan. Sagarra eta sagardoak leku berezia du hernaniarren artean, eta haren omenezko lasterketa ere halaxe hartzen ari da.
Gaur eta bihar, urteroko hiru ekitaldi
Urteroko bi ekitaldi izango dira gaur eta bihar, Hernanin. Gaur Iñude eta Artzainak aterako dira, Urumea ikastolatik. Eguerdiko 12:00etan ikastolatik atera, eta kalean konpartsa gora eta behera ibilita, Plazan egingo dute azken ekitaldia. Bestalde, gaur, Musika Bandak kontzertua emango du Udaletxeko Arkupetan, 13:15etatik aurrera: Inauterietako kontzertua. Bihar, santa-eskeak izango dira, batean eta bestean. Hernaniko Kaxkoan ibiliko dira Ohitura Zaharrak Abesbatzako kideak, urtero bezala, arratsaldeko 18:15etan, Gudarien plazatik abiatuta. Ereñotzun bi talde izango dira. Goizean gazteenek egingo dute kantu-saioa, Txirrita ikastetxeko ikasleek, alegia. Arratsaldean, 16:30ak aldera, Ur-Miako kideak ibiliko dira kantuan, baserriz baserri.
Antzerki Zikloa, hiru egunez
Neguko antzerki zikloan hiru antzezlan izango dira Hernanin, otsailaren 12, 13 eta 14an. Euskeraz dira lehenengo biak, Emaztegaiaren semea eta Berjondaigula. Hirugarrena, erderaz, Gorda. Sarrerak salgai izango dira Biterin, bihartik aurrera. Bonoa hartu liteke, hiru egunekoa, 16,5 euro ordainduta. Sarrera bakarra hartuta, 7 euro izango dira.
Ikastaroak, sukaldaritza, entrenamendu mentala, sendabelarrak...
Otsailean bada aukera gusto guztietako ikastaroak egiteko. Zilegi Eskolek eskaintzen dute argazkilaritza ikastaroa, eta sukaldiritza makrobiotiko ikastaroa. Horrez gain, badira beste bi ikastaro ere. Zoriontasunaren bila, entrenamendu mentala nola egin erakutsiko du Urko Arozenak, otsailaren 6an. Sendabelarrei buruz berriz, hilaren azken egunean ariko dira.
Bi liburu komentatzeko, eta Musika Bandak beste kontzertu bat
Musika Bandak zuzendaria aldatuko du egun batez, otsailaren 15ean. Roberto Pacheco ariko da lan horretan, eta Biterin eskainiko dute kontzertua, ostiralarekin, eta arratsaldeko 20:00etan. Literatura zaleek berriz, badituzte bi liburu komentatzeko, otsailean ere. Erderazkoa da bat, Azul sobre Azul, Manuel de Lope idazlearena, otsailaren 13an. Euskerazkoa bestea, Irati Elorrietaren Burbuilak, otsailaren 19an. Otsaileko azken larunbatean, bigarren eskuko azoka izango da, beti bezala.
Gaztetxoenek ipuinak, eta gazteentzat, Gazte Txokoa
Otsaileko ipuin kontaketa otsailaren 26an dute gaztetxoenek. Gazteek berriz, Gazte Txokoan dituzte hainbat eta hainbat ekintza.