Indarra hartzen ari den ekitaldia

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 2a, 01:00

Asteburua, ekitaldi kulturalez beteta dator eta festaz goza­tzeko aukera paregabea egongo da. Kaldereroen festaren hurrengo egunean aterako da Iñude eta Artzainen konpartsa, Urumea ikastolaren eskutik. Goizeko 12:00etan dute hitzordua, eta urtero bezala Hernaniko kaleak girotuko dituzte kolorez, umorez eta musikaz. Dena prest, beraz, Inauteriei ongi etorria emateko.

Tradizioak agintzen duen moduan, Kaldereroen hitzorduaren segidan Iñude eta Artzainen festa ospatuko da Hernaniko kaleetan. Igande goizeko 11:45tan aterako dira eta hogeigarren urtez Uru­mea ikastolak antolatuko du. 180 lagunek parte hartuko dute ekitaldi herrikoi horretan, eta ongi etorria emango diote Inau­teriei. Parte har­tzaile ho­rietatik 48 dantzariak dira eta horien atzetik joango dira konpartsaren pertsonaje ezagun ugari. Horien artean, globeroak, piruleteroak, ume­zainak, barkileroak, alkatea, udal idazkaria, sendagileak, zapatariak, eta abar.


Txertoa jarri eta umea bataiatu, egun berean
Pertsonaje eta dantzariak ateratzeaz gain, Hernaniko Mu­sika Bandaren 40 bat mu­sika jole arituko dira bazterrak alaitzen, beste hainbat danbor joleren laguntzarekin. Hernaniko kaleak zehar­katu dantzan eta kantuan, eta on­doren Gudarien plazan an­tzeztuko dute bataioa. Horixe izaten da ekitaldi nagusia (euria eginez gero Atsegin­degin izango da). Bertan, iñudeek, sendagileen laguntzaz, euren haurrei txertoa jarri eta udaletxeko agintariei eskainiko dizkiete bataiatzeko. Festa alaitzen duten kantuen artean aipagarrienak hauek dira: Iñudeen konpartsa, Kontra­dantza, Fandango eta arin arina edota Festarik biar bada. Kantu guztiak Raimun­do Sarriegi konpositore haun­diak sortu zituen, eta danbor joleen laguntza izaten du musikak. Festa honen bitartez, iñudeen laguntzaz menditik jaisten ziren ar­tzainen limurkeria irudikatzen da, eta garaiko per­tso­najeek konpartsa osatzen du­te. Artzainak iñudeengana hurbiltzen dira eta azken horiek berriz, euren haurrak jaurtitzen dituzte airera, ondoren jaso eta artzainekin dantzan jarraitzeko.


Euskal Herriko hainbat lekutan, ohitura bera
Iñude eta artzainen festa tradizio haundiz bustia dago Euskal Herrian, eta herri ezberdinetan modu desberdinean ospatzen da. Iñauteriak gertu direla irudikatzen dute, eta festa eta parranda gertu daudela iragartzen dute. Hernaniko desfileak, gainera, urtero jende gehiago era­kartzen du eta ez bakarrik Hernaniko jendea. Beste he­rrie­­tatik ere gerturatzen dira ikuskizunaz gozatzera.


Urteroko ibilbide bera, eguraldiak laguntzen badu
Aurtengo ibilbidea urterokoa izango da, nahiz eta euriak aurreikusitako ezaugarriren bat baldintzatu lezakeen. Uru­mea ikastolaren Gay Mur eraikinean emango zaio hasiera, eta ondoren honako ibilbidea egingo dute: Sandiusterritik igaro, Elkano kaletik pasa eta Gudarien plazaraino. Gero Kardaberaz kaletik behera Plaza Berrira, eta ondoren Kale Nagusitik Zinkoeneara. Handik Txirrita kalea zeharkatuko dute Urbieta kaleraino eta Gudarien plazara itzuli ostean, Gay Murren emango zaio bukaera konpartsari, ekitaldi nagusiarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!