Mende erdi pasatxo beteko ditu aurten Hernaniko kaldereroen festak, eta oraingoan ere hernaniarrek Europa erdialdetik etorritako familia nomaden etorrera irudikatuko dute herriko kaleetan barrena. Izan ere, XIX. mendean Donostiara etortzen ziren tribu nomaden ohiturak, kultura, musika eta bizitzeko moduak gogoratzen dira kaldereroen festaren bitartez. Gizatalde nomada horiek egunerokotasunean bizirauteko metalezko tresnak salerosten zituzten eta konponketan aritzen ziren. Diotenez, beren lana ederki egiten zuten. Tresneria horren erabilera irudikatzeko eta Raimundo Sarriegi musikagile famatuaren musika laguntzeko egiten da soinua zartagin eta mailuekin. Hori da, ziurrenik, kaldereroen ezaugarri esanguratsuena.
1906an lehenengo aldiz Hernanin
Kaldereroen ospakizunak, hala ere, argi-ilunak izan ditu Hernaniko iragan hurbilean eta haren sorreraren arrazoi eta motiboak ez daude argi. Kaldereroak XX. mende hasieran ospatu ziren lehenengoz Hernanin, 1906an hain zuzen, Aurrera Elkarteak antolatuta. Hainbat urtetako etenaldiaren ondoren, 1932an berriz ere desfilatu zuen kaldereroen konpartsak Union Musikal Elkarteak antolatuta.
Azken mende erdian, ordea, Elur Txori Elkarteak hartu du kaldereroen festa prestatzeko lekukoa. Antolatzaileek diote ez dagoela argi zein izan zen iniziatiba hartzearen arrazoia. Batzuen ustez elkarteko bazkide batzuek Donostiarekin zuten harremanaren eraginez sortu zen. Elkartearen urteurrena eta kaldereroen irteeraren egunak egun berean zirelako zela uste dute beste batzuek.
Bestetik, azken 50 urtetan ez dira urtero atera kaldereroak. Hainbat ediziotan huts egin izan du festak, hainbat arrazoien ondorioz. Arrazoi nagusiak parte hartzaile falta eta antolaketa falta izan dira. Hala ere, azken hamarkadan kaldereroak prestatzeko batzordea sortu da eta herriko hainbat eragile arduratzen dira kaldereroak antolatzeaz. Horren emaitza oso ona izan da, izan ere, azken hamarkadan urtero egin dira kaldereroak.
Inauteriak iragartzeko festa
Aurten ere kaldereroek Momo jainkoaren eta Inauterien etorrera irudikatuko dute, eta festaren protagonista nagusiak erregina, damak, hartza, hartzaren hezitzailea eta hainbat buhame izango dira betiko legez. Hartza, euskal mitologiako pertsonaiarik esanguratsuenetakoa, konpartsaren lehen lerroan abiatuko da. Buhameen janzkera bitxiak emango dio umorea festari, eta herriko kaleak alaitu eta ondo pasatzeko beste aukera bat izango da.
Konpartsaren ibilbidea, Oarson hasi eta Oarson buka
Konpartsek Hernaniko kaleetan egingo duten ibilbidea honakoa izango da: Oarso auzotik abiatu, Elkano eta Larramendi kaleetan pasa, eta Arantzazu plazara iritsi arte. Txalaparta Elkartean etenaldia egiten da pieza bat jo eta kantatzeko. Ondoren Gudarien plazatik Kardaberaz kalerako bidea hartzen da, Plaza Berrira iritsi arte. Bertan beste geldialdi bat egiten da beste kantu bat jo eta abesteko. Azkenik, Kale Nagusitik berriz Gudarien plazara joaten da konpartsa, eta handik Elur Txori Elkartera, bertan ekitaldia bukatzeko.
Egunean bertan afaria egingo dute arratsaldeko 19:30etan kaldereroen konpartsan parte hartzen dutenek. Afariaren prezioa, 7 euro. Elur txori Elkartetik deia luzatzen diete herritarrei festan parte hartzera. yy