Machio aita-semeak punta puntan, munduko kirol zailenetako batean

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 2a, 01:00

Iñigo Machiok irabazi berri du Euskadiko Txapelketa, arku tiroan, eta Aimar Machio semea ere ez da atzera geratzen, Gipuzkoako txapelketa irabazi baitu bere mailan, Euskadiko puntu errekorra eginda, gainera.

Arku-tiroak erraza ema­ten du; sokari tira eta kitto. Arkua eskutan hartzea nahikoa da, kontrakoa pentsatzeko. Sokari tira, eta bi besoak dardarka jartzean denbora geratu egiten da... «uf eta orain 70 metrora dagoen puntu txiki hura jo behar!»... Munduko kirolik zailenetako bat da arku-tiroa, eta bi hernaniar punta-puntan da­biltza: Machio aita-semeak. Aimar semeak irabazi berri du Gipuzkoako Txapelketa, eta Iñigo aitak Euskadikoa. Tiro Olinpiko modalitatean aritzen dira, egunean 3-4 orduz entrenatzen dute, eta Iñigo aitak begiz joa du Espainiako Txapelketa, aurten joaten utzi ez badiote ere.


Posible da Espainiakoa irabaztea
Iñigok pena haundia du aurten Espainiako Txapelketara ez joana. «Dirurik ez omen zegoela esan digu federazioak, eta joan ezinda geratu gara». Emaitza ona espero zuen Iñi­gok Espainiakoan, lehen ere aurrean dabiltzanak ezagu­tzen baititu, eta haien markak berdindu izan baititu, batez ere, joan den urtean: «Iaz maila haundia hartu nuen. Teknifikazioan aritu nintzen, eta ez nuen konpetitu, baina marka oso onak egin nituen».


Teknika eta zehaztasuna, Iñigo harrapatu zuten...
Geziak ateratzen duen hotsa entzutekoa da: «ziu! zast!», segundu erdi bat. 70 metro dianara, 200 kilometro ordu­ko abiadura, eta para­bo­la: go­ra eta behera, eta 10 cm-ko diana batean... zast! Hori lor­tzeko behar-beharrezkoak dira teknika eta zehaztasuna, eta horrek engantxatu zituen Ma­chio aita-semeak ere. «Zehaz­tasunak engantxatu ninduen ni. Aimarrek probatu nahi zuen arku-tiroa, eta aita engantxatu zen. Aimar gazteegia zela esan ziguten, baina hura ikusi nuenean neroni harrapatu ninduen».


«Zeure buruaren kontra konpetitzen duzu, hori da politena»
Iñigok hiru urte daramazki honetan, eta Aimarrek bat. Lehen aldi hartatik, egunero joaten hasi zen, eta hantxe eserita jartzen omen zen begira. «Harrituta nengoen. Jende hark jarrera aldatu egiten zuen momentu batetik bestera. Broman ari ziren, eta halako batean, jarrera erabat aldatzen zuten: isildu, beren buruan sartu, serio demonio... eta hiru geziak bota arte beste pertsona bat ziren». Entre­na­tzaile batek gonbitea egin zion, ea probatu nahi ote zuen arkua, eta halaxe hasi zen. Orain harrapatuta dago, eta bera da hiru gezietan jarrera aldatzen duena. «Zeure bu­rua­ren kontra konpetitzen du­zu, hori da politena». Iñigok azaldu digu arku-tiroaren teknika, eta zailtasuna. «70 edo 90 metrora puntu hori bat ikusten da, gehiago ez. Zuk apuntatzeko mira bat daukazu, eta erdian puntu bat du, boligrafo batekin egindako puntu baten neurrikoa. Puntu hark koinziditzen duenean dianako puntu horiarekin, azken tirazoa eman sokari, eta klikerrak klik! egiten du; soka askatu, eta gezia ateratzen da».


Aimar: «sei gezi bota eta lasaitu egiten naiz»
Tenple haundiko mutikoa da Aimar, eta hori konpetizioan ere antzeman egiten da. Be­ro­keta egin arte larri xamar egoten omen da, baina gero erraz lasaitzen da. «Sei gezi bota arte urduritasuna nabaritzen dut, baina gero lasaitu egiten naiz». Etorkizun haundiko ti­ra­tzailea dauka Herna­nik, orain­dik 9 urte besterik ez ba­ditu ere. Noizbait goi mailako teknifikazio eskolan sar­tu nahi luke Aimarrek, BLUME­an, eta bene-benetan gusta­tzen zaion karrera hori ikas­teko laguntza lortu nahi luke: Pintura Artistikoa. Ea zorterik baduen; oraingoz, bide ederrean dijoa!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!