Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa da herritarren partaidetza erakundeetara eramatea. Horregatik, lehengo urtean ‘Herritarrekin’ partaidetza sarea sortu zuen. Gipuzkoako 88 udalak daude sare honetan sartzera gonbidatuta, eta azken urtean, 60 bat aritu dira antolatutako saioetan. Horietako bat da Hernaniko Udala. Atzo, Hernani, Donostia, Lezo, Oiartzun, Urola eta Goierriko udaletxeetako 40 bat alkate, zinegotzi eta teknikari elkartu ziren Hernanin, orain arte martxan jarritako parte-hartze prozesuetako emaitzen berri eman eta elkarren arteko lana bultzatzeko.
Prozesua sistematizatu
Helburua da herritarren parte hartzea bultzatzea, eta hauen behar eta kezkak instituzioetara gerturatu eta helaraztea.
Horregatik, azken urtean 100 prozesu parte-hartzaile jarri dira martxan Gipuzkoako hainbat udalerritan (aurreko Foru Aldundiaren legegintzaldi osoan 30 inguru jarri ziren).
Atzokoan, prozesu horiek aztertu zituzten Hernanin bildutako ordezkariek, aurkitu dituzten oztopoak gainditu eta herritarrek parte hartzeko prozesuak sistematizatzeko urratsak emateko.
Hernaniko Udalaren asmoak
Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen Hernaniko auzo elkarteak bultzatu eta dinamizatzeko ahaleginean ari dela Udala. Bestalde, kirol azpiegituren eta gazte lokalen inguruko prozesuak ere martxan jarriko dira laster.