Jarraitu seinaleak!

Kronika - Erredakzioa 2013ko ots. 3a, 01:00

- Itsaso Zubiria Etxeberria -

2011ko apirilean sortutako taldea bigarren denboraldia bukatzekotan dago. 2012/ 2013an jokatzen ari diren Euskadi eta Nafarroako Li­gan zazpi talde ari dira: Getxo, Uribealdea eta Du­rango Bizkaitik; Eibar eta Her­nani Gipuzkoatik; La Única nafarrak; eta Gaztedi Arabakoak. Oraindik hiru partiduren faltan bosgarren postuan daude hernaniarrak. Joan etorriko buelta egin dute aurtengoan (aurreko denboraldian ez bezala, joaneko partidua bakarrik jokatu bai­tzuten). «Liga hiru partiduren bueltan bukatu eta Ko­pari helduko diogu. Gero sevenak jokatzen dira», azaldu digute bi jokalariek (sevena, talde bakoitza zazpi jokalariz osatuta jokatzen den errugbi modalitatea da). Hamabost urterekin hasten dira bereizten kirol honetan emakume eta gizonen txapelketak. Ordura arte talde mistoetan aritzen dira. Hernaniko emakumezkoen errugbi taldean momentu honetan hogeita bi fitxa dauzkate eginda. Gazteenak ha­ma­bost urte ditu eta zaharrenak, berriz, berrogeita hamar. Gehienak herrikoak dira, nahiz eta Donostia, Astiga­rraga edo Goizueta bezalako inguruko herrietakoren bat ere animatu den, eta madrildar bat ere badago. Baina ikusi dezagun zer erantzun dioten Kronikari.

Hasieran sortutako taldea manten­tzen al da?
Hasierako taldean geunden gehienak jarraitzen dugu, bai. Jende berri bat sartu da eta lehendik zeuden batzuek utzi dute, baina orokorrean mantentzen da. Taldea sortzeko deialdia egin zeneko lehenengo bi entrenamendutan hogeita hamabost bat neska egon ginen, baina hori gero erdira edo jaitsi zen, eta geratu ginen gehienak oraindik ekipoan jarraitzen dugu.

Ikusi duzue aurrerapenik taldeari begira?
Bai, izugarrizkoa. Bi urtetan eboluzio handia nabaritu da. Jende asko hasi zen zerotik, eta ikaragarrizko pausuak eman dira. Lan asko egin da, eta hori taldean nabaritzen da.

Nola doa denboraldia?
Oso ondo hasi ginen. Lehenengo partiduak gure tankerako maila duten taldeen kontra jokatzea tokatu zi­tzaigun, eta hauek irabaziz hasteak indarra eta konfian­tza eman zion ekipoari. Biga­rren partean heldu behar izan genien talde gogorragoei. Liga honetan gertatzen da desberdintasun handiak daudela talde batzuen eta besteen artean. Ez da txapelketa orekatua, eta badago talderen bat oso indartsua dena; Getxo, adibidez. Honek, Liga honetan maila bat baino gehiago balego (gizonezkoen Ligan bezala), Ohorezko mailan jokatuko luke seguruenik, indartsuenekin batera. Txapelketa honetan, zoritxarrez, maila bakarra dago, ez baitago nahikoa talde maila ezberdinak osatzeko. Beraz, gu baino dezente kalitate hobea erakusten dutenen kontra jokatzea tokatzen zaigu. Ondoren, Liga bakoitzeko bi talde onenek Espainia mailan beste Liga bat jokatzen dute, Emakumezkoen Oho­rez­ko maila izango dena.

Animoso al zaudete?
Elkartuta gaude. Adin diferentzia handia dago eta nabaritzen da, hamabost urteko nesketatik hasi eta berrogeita hamar urtera artekoak baikaude taldean, baina horrek beste xarma eta aberastasun bat ematen dio, eta oso giro ona daukagu. Nahi duenak ateak zabalik ditu. Merezi du probatzea; ez dakigu justu zer den, baina zerbait badauka errugbiak!

Taldekideren batek jokatzen al du selekzioren batean?
Euskadiko selekzioak txapelketa autonomikoan jokatu duen azken partidurako Hernaniko ekipotik zazpi jokalari konbokatu zituzten entrenamenduetarako, eta horietatik bostek, Maia­len, Naroa, Julia, Marta eta nik (Nora) jokatu genuen partidua. Lehen­go urtean ere deitu zituzten taldekide ba­tzuk, bai­ta hasi berriak zirenak ere. Bigarren urtea izateko ez dago gaizki!

Nola ikusten dituzue azken hiru partiduak?
La Única-ren kontrakoa gogorra izango da zeren oso fuerte dago taldea, baina guk gogo handiz hartuko dugu. Abenduko lehen asteburutik partidurik jokatu gabe gaude, eta hilabetetik gora jokatu gabe egonda, motibazioa handiagoa da. Uriberen kontrako aurreneko partidua galdu egin bagenuen ere, nahiko txukun ibili ginen, eta horrek piztu egiten gaitu. Gaztediren kontra, berriz, joaneko partidua ezin izan genuen jokatu, eta gogo berezia dugu talde honen kontrako lehiarako.

HOLAKO ENTRENAMENDUA HALAKO ORDUTAN

Taldea jokalari berri askoz osatuta dagoela eta, orain arte joko orokorra edo irekia landu dute entrenamenduetan. Bitartean, azpimarratzen dute, joko espezifikoa ere lantzen dutela ze­laian postuak ondo har­tzeko, etab. Lehenta­suna jokalarien errugbi formazioa garatzeari ematen diote: jokoaren arauak ezagutu, egoera desberdinetan nola jokatu… Azkenerako jokalaria `autonomoa´ izan dadin jokaldi bakoitzean.

Emakume eta gizonen errugbiaren desberdintasunez galdetuta, alde fisikoa azpimarratu dute. Ez, ordea, aldatu ezinezko lege bezala. Eboluzio fisiologiko ezberdina du­gunez, aldea parte fisikoan egon litekeela diote, baina hori, landuta irabazten da. Emakume ala gizon, fisikoki pareko egoerara iritsi badaitezke, ez da desberdintasunik egongo.

Lehen esandako joko teknikoa lantzeaz gain, beraz, entrenamendu fisikoetan ere buru-belarri aritzen dira.

Jokalariek markatzen dute jokoaren kalitatea, eta horren araberako entrenamenduak prestatzen dituzte.

Astearte, asteazken eta ostiraletan jaisten dira Landarera entrenatzera.
Ordutegia: 19:30ean hasi eta 21:00ak arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!