Antzerki Zikloa izango da Hernanin, otsailaren 12, 13 eta 14an. Hiru antzezlan ikusteko aukera izango da, guztiak Biteri kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan hasita. Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai.
Aktore hernaniarrak tartean
Lehenengo antzezlana otsailaren 12an izango da: Ados Teatroaren Emaztegaiaren semea (El hijo de la novia pelikulan oinarritua). Bizitzako pasarteak kontatuko dira tragikomedia honetan, eta barrerako nahikoa aukera izango da. Aktoreen artean, Mikel Laskurain hernaniarra ariko da lanean. Gainontzekoak: Asier Hormaza, Sara Cortazar, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza.
Otsailaren 13an berriz, Tanttaka Teatroaren Bejondeigula! antzezlana antzeztuko dute Niko Lizeaga aktore hernaniarrak eta Ramon Agirrek. 20 urtez lanean aritu diren bi aktoreren papera beteko dute protagonistek. Bizitzak ukatzen diena fikzioan aurkituko dute, zorte pixka bat izaten badute, behintzat.
Azkenik, otsailaren 14an, Txalo Produkzioaken eskutik, Gorda antzezlana ikusi ahal izango da. Protagonista maitemindu egingo da 30 kilo soberan dituen emakume batekin, eta lagunek barre egingo diote, krudelak izateraino. Aktoreak: Lur Korta, Aitor Fernandino, Joseba Usabiaga eta Ainhooa Garai.