Hernani eta Euskal Herriko beste 200 herritako «2.000 gazte inguru prozesu eratzailean parte hartzen ari direla» azaldu dute, prentsa ohar baten bidez, Hernaniko Gazte Zukgua prozesuko parte-hartzaileek. Uda partean hasitako prozesuaren lehenengo bi blokeak bukatu direla adierazi dute, eta berehala helduko diote hirugarrenari.
Larunbatean asanblada
Hernanin, larunbat honetan emango diote hasiera 3garren blokeari, eta dei egin diete gazte hernaniar guztiei larunbatean, goizeko 10:00etan Biterin egingo den «III. blokeko hautaketa asanbladara azaltzeko».
Gazte antolakunde baten beharrari erantzuna
Prentsa oharrean adierazitakoaren arabera, «gazte antolakunde ezkertiar eta independentista baten falta da Zukgua prozesu eratzailearen oinarria». Zukgua izenak adierazten du prozesua egiteko modua dela norbanakotik kolektibora, eta era berean, kolektiboak norbanakoa osatzen duela. Prozesua hiru bloketan banatu dela jakinarazi dute: «egungo egoeraren azterketa orokorra, Euskal Herriko ziklo politikoaren irakurketa eta gazte estrategiaren zehaztapena». Lehenengo biekin amaitu dute, eta hirugarrenari ekingo diote orain. Helburua da «gazte estrategia definitzea, eta erakunde berriaren izaera eta funtzionamendua zehaztea».
Martxoan, aurkezpena
Oraintxe hasiko den hirugarren blokea bukatuta, martxoaren 2an, I. Kongresua egingo da Lizarran, «aurreko lau hilabeteetan eginiko lan guztiaren isla izango dena. Era berean, bertan aurkeztuko dira antolakunde berriaren izena eta logoa». Honen guztiaren helburuak izango dira «militantzia ereduari buruz hausnartzea, eta gazteok aparatu bat eratzea ziklo politiko berriak sortzen dituen erronka berriei aurre egiteko».
Prozesua bukatzeko, Gazte Danbada jaialdia
Prozesua guztiz amaituko da martxoaren bukaerarako. Hain zuzen, «gazte erakundearen jaiotza ospatzeko jaialdia» egingo da Urduñan, martxoaren 29, 30 eta 31n; Gazte Danbada, hain zuzen. Festa hau «gazteok gazteontzat antolatutako jaia» izango dela azaldu dute. Bertan, sormena eta parte hartzea oinarri dituzten hainbat ekitaldi izango dira: antzerkia, musika, hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak...