Argazki erakusketa jarri du Marisol Yaben hernaniarrak Biterin. Otsailaren 12ra arte ikusi ahal izango da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Lehenago ere jarri du erakusketa hau bera Donostiako Boulevardean dagoen Kutxako areto nagusian, baina Yabenek dio, «hernaniarra izanik, berehala erakusketa guztiak Hernanira ekartzen saiatzen» dela. Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartean 40 urte daramazki, eta Hernaniko elkarteko kide ere bada.
Afizionatu izateak ematen duen askatasuna
Marisol Yabenek dio argazkilari afizionatua dela. «Profesional izanez gero, nahi duzuna egiteko askatasuna galtzen duzu; neri askatasuna edukitzea gustatzen zait». Erakusketa honetan ere, nahi duena bildu du: paisajeak, Ainhoa Arteta edota Toti Martinezen erretratoak, mitologia... «Gure euskal lurralde zoragarri honekin maiteminduta nago. Liluragarria da horrelako herri txiki batek hainbeste gauza zoragari izatea. Baita maila intelektualean ere. Erakusketa honetan, horren guztiaren laburpen txiki bat egiten saiatu naiz».
Teknika da, gozatzea
«Ezin dut argazki gustokoena aukeartu. Gozatu egiten dut guztiekin. Argazkietan barneratu egiten naiz», dio Yabenek. Hala ere, ikastaro askotan aritu da, eta argazkilaritza analogikoa eta digitala egiten ditu. Hurrengo erronka, erretratoak direla dio. «Erretratoak egin nahi ditut, baina agertoki batean kokatuta, zerbait gehiago transmititzeko. Ea lortzen dudan!».