Ostiralean, lanera joandakoan jakin zuten kaleratuak izan zirela, Ochoa garraio enpresako Hernaniko delegazioko 6 langileek eta 4 autonomoek. Ordutik, itxitako enpresaren kanpoaldean elkartzen dira, beren egoera salatzeko. Jesus Sáenz, langileen delegatuak adierazitakoaren arabera, «lehenago jakinarazi gabe» bota dituzte kalera. Gainera, «oraindik, legalki, ez gaude langabezian», azaldu du. Izan ere, ostiralean jakinarazi zieten enpresa itxi egin zela, eta sinatzeari uko egin ziotenez, ez dizkiete langabeziarako paperak eman. «Finikitoa ordaindu, eta Gizarte Segurantzan baja eman digute, baina oraindik ez digute paperik eman. Burofaxik ere ez digute bidali. Horrela, ezin dugu Fogasan kalte-ordaina kobratzeko eskaera egin».
«Autonomen egoera,
okerragoa da»
Enpresan orain arte lanean aritu diren 4 autonomoen egoera «okerragoa» dela ere azaldu zuten langileek.
«Langileek, behintzat, Fogasara jo ahal izango dute, zor zaiena kobratzeko. Baina guk, autonomo izanda, ezin dugu horrelakorik egin, eta gainera, 10.000 eta 12.000 euro artean zor dizkigu enpresak. Gainera, EREn sartu ginenean esan ziguten mantendu egingo gintuztela, edo behintzat, beste delegazioren batera bideratuko gintuztela, eta inolako abixurik eman gabe, kalean utzi gaituzte», azaldu zuten.
2011n, lehenengo EREa
Sáenz, langileen delegatuak azaldutakoaren arabera, Estatu mailan hainbat delegazio dituen enpresa da Ochoa garraio enpresa, eta 2011ko martxoan EREn sartu zen lehenengo aldiz. «Hainbat langile kaleratu eta delegazio batzuk itxi zituzten».
Ekainaren bukaera aldera berriz, kamioiak geldi edukitzeko agindu zuen enpresak, beste delegazio batzuetan arazoak zituztela eta. «Jarduera geldiarazi zuten, eta uztailaren 5ean ordainketak eten zituzten. 15 egunetara jarduera berrabiarazi zuten, baina bezero asko galdu genituen. Izan ere, zerbitzuen sektoreko enpresa gara, eta jarduera geldituz gero, bezeroek alde egiten dute».
Autonomoek diote enpresa ez zela bezeroekin kezkatu ere egin: «guri deitzen ziguten, langileoi, zer gertatzen zen jakiteko, ez baitzuten merkantzia jasotzen».
Gauzak horrela, urriaren 31n ERE berri batean sartu ziren 300 langile botatzeko. «Sindikatuekin hainbat alditan bildu ondoren, kaleratze kopurua jaitsi zuten, 243 langilera, eta itxiko zituzten delegazioak 18 izango zirela adostu zuten». Abenduan onartu zen ERE hau, eta martxora arteko epea du enpresak, EREa gauzatzeko. Baina lehengo ostiralean kaleratu zituzten langile hernaniarrak.
Orain, enpresak 15 delegazio ditu irekita Estatuan; horietako 2, Bilbo eta Gasteizen. «Lanik gabe, langabezia kobratu ezinik, eta dirurik gabe utzi gaituzte», zioten, bereziki, autonomoek.