Pasa den urteko erremontista onenak saritzeko gala berezia egingo du bihar Oriamendi 2010 enpresak, urtero bezala. Sariak emango dizkie, hain zuzen, 2012ko A eta B taldeetako erremontista erregularrenei, Sare Sozialetako aktiboenari eta erremontista onenari. Aurretik ordea, Galarretako jaialdia izango da, oraingo honetan, berezia. Izan ere, Erremonte Galako Torneoa jokatuko da, hasi eta bukatu. Hau da, bi finalerdi eta finala jokatuko dira. Torneoz kanpoko beste bi partidu ere izango dira.
Binakako txapeldunak, finalerdietako batean
Ohi bezala, arratsaldeko 16:00etan hasiko da Galarretako jaialdia. Guztira, 5 partidu jokatuko dira, eta tarteko 3ak izango dira Urrezko Erremontearen II. Galako Torneokoak.
Horietako lehenengo partiduan, Barrenetxea IV eta Urrizak jokatuko dute, hau da, Binakako txapeldunek, Zeberio II eta Etxeberria IIIren kontra. Segidan, hurrengo finalerdia izango da: Ezkurra eta Ion, Etxeberria IV eta San Miguelen aurka. Jarraian, finala jokatuko dute aurreko finalerdietako bi bikote irabazleek. Torneoko 3 partidu hauek 25 tantora izango dira.
Biharkoan beste bi partidu ere jokatuko dira, Torneoaren aurretik eta atzetik. Lehenengo partiduan ariko dira Matxin VI eta Aizpuru III, Ezkurra II eta Labaka aurrez aurre dituztela, 35 tantora. Azkenekoa berriz, Urtasun-Zubiri eta Endika-Saldiasen artekoa izango da, 30 tantora.