‘Atzo hala, gaur hola...’ hemen da Aranoko aldizkariaren bigarren alea

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 27a, 01:00

Miaxiria izeneko aldizkaria atera dute Aranon, bigarren urtez. Herriaren historia, etorkizuna, argazkiak, gertaerak eta abar biltzen ditu.

Aranok gaur egun 130 biztanle ditu, baina izan zituen 501 ere, adibidez, 1920an. Goi­zue­­tako parte zen aintzina, eta orain dela 380 urte herri izendatu zuten, 1630ean. Na­fa­­­rroa­ko erreinuko muga-mu­gako herria, Nafarroako Leo­nor erreginak 1404an agindu zuen muga liskartsu ho­rretako eliza berritzeko, San Martin eliza hain zuzen ere, eta Ara­noko biztanleei zergak barkatzeko, Castilla eta Nafa­rroa­ren arteko burruka asko sufritu behar zituztela eta. Armarri bat bada elizan, orduko Nafarroako azkeneko mugarria adierazten duena. Hori, eta kontu gehiago dakarzki beste urte betez, Miaxiriak, Aranoko aldizkariaren bigarren aleak.

Bertako kontuak, eta bertako kontalariak
Miaxiriak Aranoko kontuak biltzen ditu, aranoarrek kontatuta: Erramun Huizi eta Ro­ke Ansa zenaren gazte garaiko kontuak, Antto­nio Ezeiza Exke­rrak ezkil-hotsak nola izaten ziren: argi-ezkila eguzkia ateratzean, ama-ezkila eguz­kia izkutatzean, angelu­sa...: din-din-din-dan! San Roke elkartea nola sortu zen, Arano iruditan, La­rritturriko labaderoa, umeen esanak eta umeek Arano nola nahi luketen: Azaharak nahi luke adibidez, jostailu denda Suron, eta Naroak Eurodisney Juandonostin... Egileak ere, bertakoak de­nak: Josu Sarobe, Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa, Iñaki Egurza, Lourdes Lega­rreta, Pino Vicedo, Oscar Gas­cón, Jose Iñazio Salaberria, Xabier Legarreta... Denbora pasarako tartea era bada: bertsoak, errezetak, letra zopa... eta baita xelebrekeriak ere, Aranon paseak: «Aranoar bat badijua mandua goraino kargatua, eta hari isatsetik helduta. Isatsa re tirante nonbaitt ta auzoko batzuk ikusi dutenian, zerbaitt esan bihar ta: -Hi! Zer hua, ordia, mandua hola kargatua ta gañe hi atzetik tirian!? Ta bestiak, manduan atzetik:  -Hik zer dakik atzetik bultzian banua re!?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!