Bihar zabalduko da matrikulazioa Hernaniko ikastetxeetan, eta otsailaren 8ra bitarte aukera egin ahal izango da, sei ikastetxeetan. Guztira 680 haur eta gazte deituta daude matrikulatzera: 2-3 urtekoak Haur Hezkuntzan matrikulatzeko; 6 urtekoak Lehen Hezkuntzarako; 12 urtekoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako.
Sei aukera
Hernanin 3.000 ikasle inguru ari dira egunero, baina denek ez dute matrikulazioa egin beharrik, HH, LH edo DBH hasiko dutenek bakarrik. Bi urteko umeak 207 dira, 2011n jaioak alegia, eta horiek matrikulatzeko bost ikastetxe daude aukeran:
Ereñotzuko Txirrita eskola txikiak 25 haur inguru ditu, 2-12 urte bitartean, eta klase batean maila bat baino gehiago biltzen ditu.
Langile ikastolak ere HH eta LH eskaintzen ditu (2-12 urte). 3 linea ditu maila bakoitzean (3 gela), alegia, 69 haur, gehienez ere.
Urumea eta Elizatxo ikastolek bina linea dituzte, alegia 46 haur maila bakoitzean. HH eta LH eskaintzen dira.
Inmaculada ikastetxeak
2-16 urte arte eskaintzen du, alegia, HH, LH eta DBH. Linea bat du, 23-25 haur maila bakoitzean.
Azkenik Hernani BHI Institutua dago. DBH, Batxilergoa eta Heziketa Zikloak eskaintzen ditu, eta 6-7 linea dauzka.
Hernani BHIn,
528 ikasle DBHn
Hernaniko hiru ikastetxek eta Institutuak bat egin zuten 2010ean, eta Hernani BHI Institutua sortu zen. Orduz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bertan egiten dute Hernaniko gazte gehienek. Gaur egun 528 gazte ari dira bertan, lau mailatan.
DBH 1 eta 2 mailak Santa Barbara eraikinean ari dira, eta 129 eta 152 ikasle dituzte, hurrenez hurren, 6 eta 7 linea. DBH 3 eta 4 mailak Agustin Iturriaga eraikinean daude, 138 eta 109 ikaslerekin, 6 eta 5 linea, eta DC esaten zaion beste bana. Guztira 65 irakasle ari dira lanean DBHko klaseak ematen.
Edifizio berria falta
Hernani BHI Institutuak beste edifizio bat izango du oraingo bien aldamenean. Dena dela, hori Eusko Jaurlaritzak egin beharreko obra da, eta oraindik tramitean dago kontua, beraz, ez dago fetxa jakinik oraindik.
Hernanin ikastearen
abantailak azpimarratu ditu Hernaniko Udalak
Herrian bizi, herrian ikasi dio Hernaniko Udalaren lemak, aurtengo matrikulazio kanpainarako ere. Umeak herriko ikastetxeetan ibiltzeak abantaila bat baino gehiago ditu, adibidez, merkeagoa da, oinez edo bizikletaz joan litekeelako; erosoagoa, denbora gutxiago behar baita; jarraipena egin liteke hurbiletik; gurasoek parte hartu lezakete ikastetxean; herrian lagun-koadrila egitea errazagoa du haurrak; eta herria aberasten du hainbat aldetatik begiratuta...
Kalitatez ikastea ziurra da Hernanin, euskalduna eta eleanitza delako, parte hartzailea, herrian txertatua, anitza, integratzailea...