Lehenengo lauhileko honetan, 178 ikasle dabiltza EPA-HHI Hernaniko helduentzako ikastetxean. EPAk hezkuntza arautua eta ez arautua eskaintzen du helduentzat. Hezkuntza arautuan, I. Gradua (alfabetatu gabeentzako), II. Gradua (Lehenengo Hezkuntza) eta III. Gradua (Bigarren Hezkuntza) egin daitezke. Hezkuntza arautuan Hernani eta inguruko 113 lagun dabiltza. Eta horietatik gehienak emakumezkoak dira: 71 dira emakumezkoak eta 42 gizonezkoak. Horien artean, gehienak, Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzeko ari dira ikasten: 50 ikasle. Hezkuntza ez arautuan, berriz, informatika eta hizkuntzak ikasteko aukera dago; hala nola: euskera, gaztelania eta ingelesa. Hezkuntza ez arautuan, 69 ikasle daude EPAn: 45 emakume eta 24 gizon. Zenbait ikasle, graduren bat egiten aritzeaz gain, hizkuntzaren bat edo informatika ere ikasten ari da. Iñaki Irisarri zuzendariak Kronikari azaldu dioenez, «ikastaro hauetan oso oinarrizko kontzeptuak ikasten dituzte. Informatikan, esaterako, word programa, internet, emailak bidaltzen... Hizkuntzetan ere oinarrizkoa irakasten da». Ikastaro hauetara, batez ere, jende heldua apuntatzen dela gaineratu du: langabetuak, jubilatuak...
14 herrialdetako ikasleak
Etorkin askok jotzen dute EPAra. Lauhileko honetan, 38 lagun dabiltza. 14 herrialde ezberdinetatik etorri dira. Gehienak, Marruekosetik etorriak dira: 12 lagun. Errumaniatik etorritako 8 ikasle ere badaude eta Ekuadorretik etorritako 6 ikasle ere bai, besteak beste.
15 profesional
EPAn 15 profesional ari dira lanean. Zuzendaria, Iñaki Irisarri da; ikasketa burua, Marta Bengoetxea; eta idazkaria, Mari Carmen Garcia.
Matrikula, dohainik
Bigarren lauhilekoa otsailean hasiko da eta matrikulazio epea zabalik dago. Urtarrilaren 31ra arte eman daiteke izena: 943 33 53 18 (Antziola, 62). Ordutegia: 10:00-12:00 eta 17:00-19:00. Matrikula dohainik da eta klaseak goizez, arratsaldez edo gauez izan daitezke.