Wukroren aldeko ultrafondoa atzo hasi zuen Xabier Salillasek atletismo pistan eta programatu bezala, 100 kilometro egin zituen. Gaur, beste horrenbeste egingo ditu, goizeko 07:00etatik gaueko 21:00ak bitarte. Gaur, zazpi talderen laguntza izango du eta horiez gain, Porrotx eta Marimotots ere bertan izango dira, 17:00etatik aurrera. Antolatzaileek haurrak gonbidatzen dituzte Salillasekin eta pailazoekin korrika pixka bat egitera. Atzo, eguraldiak lagundu ez arren, goizeko 07:00etan ekin zion korrika egiteari Salillasek. Eva Esnaola atleta hernaniarrak egin zion konpainia. Gainerako orduetan ere, hainbat herritarren eta talde ezberdinen laguntza izan zuen: erremontista taldea, Pelota Eskola, Musika Eskolako Abesbatza, emakume korrikalariak eta errugbiko lehenengo taldea, besteak beste. Nahiko erritmo bizian aritu zen Salillas, jendearekin hitz eginez gainera. 18:00etan, 20km bakarrik geratzen zitzaizkion.
Borondatea jasotzeko kutxa
Wukrori laguntzeko, borondatea biltzen ari dira atletismo pistan bertan. Sarreran dago kutxa. Horrez gain, kirolariek sinatutako kamisetak eta beste opari batzuk zozketatuko dituzte eta errifak ere bertan egongo dira salgai egunero.
Izena emateko aukera
Ultrafondo solidarioa igandera arte luzatuko da eta parte hartu nahi duenak izena eman dezake: 625 703 656.
Gaurko parte hartzaileak:
07:00, Hernani Wukrorekin
09:00, Anboto taberna
10:30, AEKko goizeko ikasleak
17:00, Porrotx eta Marimotots
18:00, Udal Gobernu Taldea
19:00, Mendiriz Mendi eta Martindegi auzoa
20:00, Errugbiko bigarren taldea