Dezente jaitsi ziren urak Urumean, atzo, egun guztian. Egun guztian ateri izan zen eta euri falta horrekin, ibaiaren maila 1,3 metrotara jaitsi zen Ereñotzuko informazio puntuan. Iluntzerako emanak zeuden euriak atzeratu egin ziren pixka bat, eta giroa ateri zegoen Kronikak erredakzioa itxi zuenean (21:00ak aldera).
Añarbek askatu zuen ura, baina herenegun baino gutxiago; kaudal ekologikoaz gain, ate bakarra eduki zuen irekita (23 m3 segunduko).
Hernaniko Udalak alerta egoera mantendu egin zuen, gaueko ziklogenesiari begira. Euriaz gain, haize bolada zakarrak iragarriak ziren gauerako, eta gaur eguerdi-arratsaldera arte, ez du atertuko. Arratsaldean eguzkia ikusteko aukera ere izango da gaur.
Eguraldiaren arabera, gaur, ostera, ebaluatuko dute egoera zein den, eta horren arabera erabakiko da alerta egoeran jarraitu edo ez.
Txikiziorik ez zen izan atzo errio bazterretan
Atzo urak ez zuen kalterik eragin, errio bazterretan. Landare eta Zubipeko urak ibaiak eraman zituen, eta bi zelaien egoera ikusi ahal izan zen, erabat lokaztuta.
Dena dela, arduradunek ezingo dute erabat lasaitu, gaur arriskua baitago berriz bi zelaietan ura sartzeko.