«Txotx! Sagardotegien denboraldian ere, ‘Zero Zabor Herria’ da Hernani»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 20a, 01:00

Hernanin Zero Zabor taldeak prentsa ohar bidez aldarrikatu du txotx denbo­raldian ere Hernani Zero Zabor herria dela. 

Hernaniko Udalak hainbat neurri hartu ditu, sagardotegi denboraldian ere Hernanik ahalik eta zaborrik gutxiena sortu dezan, eta ahalik eta sailkatuena. «Honelako jai giroan plastikoa da neurriz gain sortzen den hondakinetako bat. Tabernetako edariak plastikozko basoetan zerbitzatzeko erabakia hartu zuen Udalak duela urte mordoxka bat, garai hartan kristalak, kristal hautsiak, beste arrisku batzuk eragiten zituelako. Baina geroztik erruz ugaritu da plastikoaren erabilpena eta, ondorioz, baita hondakinena ere. Plastikoaren gehiegizko erabilerari neurria jarri nahian, Udalak tratua egin du herriko tabernariekin 2013ko txotx denboraldirako. Otsailean eta apirilean, herriko tabernetan ez da zerbituko edaririk plastikozko edalontzietan, kristalezkoan baizik. Martxoa izaten denez txotx denboraldiko hilabeterik jendetsuena, garai horretan plastikoa erabiliko dute tabernariek kristalaren ordez. Plastikoa biltzeko konpromisoa tabernariek izango dute»

Plastikozko basoak ken­tzeko erabakiarekin batera, Hernaniko Udalak oihal haundi batzuk zintzili­ka­tuko ditu Hernaniko kalee­tan Hernani, Zero Zabor He­rria diotenak, kanpotik Her­nanira datozenentzat deiga­rri. «Udalaren eta tabernarien elkarlanarekin eta herritarren jokabide burutsuarekin, txotx garaian ere, Hernani Zero Zabor Herria!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!