Ioritz Arrieta hernaniarrak irabazi eta irabazi segitzen du, eta ostiralean beste txapel bat lortu zuen, Elgoibarko San Anton torneoan. Galdakaoko Kerman Galarza atzean zuela, Mikel Goñi haundiari eta Txurrukari irabazi zioten, 22-11, konplikazio haundirik gabe. Ez zuen misterio haundirik izan partiduak. Galarza nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta Arrietak erritmo bizi-bizia jarri zion partiduari. Mikel Goñik klase haundiko tantoren bat egin zuen, baina ez zen inoiz iritsi Arrieta larritzera. 21 urte, eta elite mailan ari da Ioritz Arrieta, irabazi litekeen guztia irabazten. Munduko Txapelketa irabazi zuen 22 urtez azpikoetan, eta ostiralean, beste behin erakutsi zuen, inoren inbidiarik gabeko pelotaria dela.
Cisneros, azpitxapeldun
Beste final bat ere jokatu dute hernaniarrek asteburu honetan. Atzo, Ekaitz Cisneros kadeteak Otañoren kontra galdu zuen Gipuzkoako trinketeko finala. Astigartarrak irabazi zion, 30-14.