«Helburua da Hernaniko langabetuen egoera sozio-ekonomikoa hobetzea»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 19a, 01:00

Enplegu zerbitzu berria jarri da martxan Hernanin, Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Daiteke Zerbitzuak bultzatuta. Lehen anbulatorio zaharra zegoen eraikinean ireki dute Enple­gu Gune hau, eta lau zerbitzu mota eskainiko dira bertan, Hernanin erroldatutako langile eta langabetuentzat: orientazio zerbitzua, lanbide enplegatzea, erabilera anitzeko gela eta toki garapenerako teknikaria. Dagoeneko, 252 erabiltzaile inguru ditu zerbitzu honek.

Hernanin enplegurako eta formaziorako gune bateratu bat sortzea izan da Uda­laren asmoa. Horrela, Enple­gu Gu­nea sortu da, lehen anbulatorio zaharra zegoen eraikinean. Zerbitzu guztiak ehuneko ehunean martxan jartzeko denborarik izan ez badute ere, dagoeneko lanean ari dira bertan, eta makina bat zerbitzu eskaintzen dituzte Hernaniko langile eta langabetuentzat. Hil honetatik au­rrera, guz­tia prest eduki­tzea espero dute Jaione Ayala eta Marijo Mo­ran, Enplegu Gu­neko langileek.

Orientazio zerbitzuaren jarraipena
Hernaniko Enplegu Gune bateratua martxan orain jarri bada ere, 2011ko abenduan dagoeneko ematen zen hernaniarrei lana bilatzen la­gun­tzeko zerbizu bat, Lan­bi­­deko Zen­tro Ko­laboratiboarena. 2012ko ekainean berriz, Eusko Jaurlaritzak laguntzen duen Daiteke orientazio zerbitzua jarri zen martxan, eta ekaina eta abendura bitartean, hernaniar ugarik erabili dute, Jaione Ayala, bertako langilearen esanetan. «Orien­tazio zerbitzuak 252 erabil­tzaile izan ditu; 116 emakume eta 136 gizon. Orain arte etxeko lanak egiten zituzten emakume asko lan bila hasi dira, senarrak lanik gabe geratu direnean». Orientazio zerbitzu hau Enplegu Gune berrian aurkituko dugu hemendik aurrera. «Jendea bideratu egiten dugu. Langileen egoera hobe­tzen saiatzen gara, eta langabetuei lana bilatzen lagun­tzen. Etorri diren gehienek aldi baterako kontratuak lortu dituzte, edo bestela, ikastaroren batean izena eman dute». Hala ere, Ayalak dio erabiltzaileen perfila asko alda­tzen ari dela. «Orain arte ge­hienak egoera ekonomiko la­rrikoak eta ikasketarik gabeak izaten ziren. Orain be­rriz, goi-mailako ikasketak dituztenak izaten dira. Adin-taldea berriz, gero eta zabalagoa da». Enplegu Guneko orientazio zerbitzura jotzen dutenekin hainbat gauza egiten dituzte: curriculuma begiratu eta berritu, aurkezpen gutuna prestatu, elkarrizketak landu, gizarte trebetasunak garatu (dei bati ondo erantzuten jakiteko, adibidez), hautaketa prozesuetarako prestatu, web orriak eta sare sozialak ezagutu... «Bereziki, tailer psikoteknikoek arrakasta haundia dute, eta baita web orrietan lana edo formazioa bilatzeko tailerrek ere. Baina askotan, garrantzitsuena jendea motibatzea da, dituzten kezkak entzutea, eta lana aurkitzeko gai izango direla sinestaraztea. Izan ere, asko eta asko etsita etortzen dira».

Hernaniarren lan-poltsa
Marijo Moran bestalde, lanbide enplegatze guneko arduraduna da. Orientazio zerbi­tzuan izena eman dutenekin eta Udaleko enpresen direktorioarekin zerrenda bat osatzen ari da, bertatik ahalik eta informazio gehien ateratzeko. «Ho­nekin lan-poltsa bat sortuko dugu ikusteko zein diren Her­nanin dauden beharrak, zein lanpostu eskaintzen edo eska­tzen diren, zer formazio behar den... Gainera, bertako enpresek eskaintzen dituzten enpleguak kudeatu eta lan-poltsa osatzen duten Herna­niko langabetuak lanpostu horietara bideratu ahal izango ditugu».

Erabilera anitzeko gela eta toki garapen teknikaria
Berehala martxan jarriko du­ten zerbitzua izango da erabilera anitzeko gela. «Bi ordenagailu jarriko ditugu, jendeak lan eskaintzak edo formazioa bilatu ditzan, eta gu ondoan izango gara edozein zalantza argitzeko. Egunkaria irakur­tzeko edo jendea elkartu eta el­karri laguntzeko taldea sortzeko ere balioko du gelak». Azkenik, Alfonso Gonza­lez, toki garapen teknikariak Uda­leko enplegu plan eta heziketarako dirulaguntzak kudeatzen ditu. «Azken ikastaroak, sukaldaritza eta gozogintzakoak, arrakasta handia izan du».

Hernaniko enplegu gunea
Karobieta kaleko 63garren zenbakia (anbulatorio zaharra)

Orientazio zerbitzua:
-Ordutegia: astelehenetik ostegunera 09:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara. (Hitzordua hartu behar da).
-Telefonoa: 943 57 54 24.
-Helbide elektronikoa: jaionea@daiteke.com.
-Zerbitzuak: eguneroko prentsa, lan eskaintzak, formazio eta enplegurako informazioa, dokumentazio gabeko atzerritarrei informazioa.
-Banakako hasierako arreta: izen-ematea eta elkarrizketak; pertsonaren lanerako eta prestakuntza beharrak ja­so eta aztertu; egungo egoera per­tso­na­­la ikusi eta epe motzera eta lu­zera helburuak finkatu; jorratu behar du­en ibilbidea adostu eta aurrera eraman. 
-Lan aktibazioa: motibazioa eta giza harremanak garatu; lan elkarrizketak landu; adostutako ibilbidea aurrera eramateko konpromisoa eta ardura landu; herriko lan sektoreak azaldu eta bertako enpresen lan eskaintzak jaso; formakuntzarako aholkuak eta informazioa eman; enpresa sorkun­tzarako informazioa eta oinarrizko aholkularitza eman.
-Talde orientazioa; tailerrak: lan elkarrizketak; jarduera sektoreek nola egiten duten hautaketa prozesua; lana bilatzeko teknikak interneten...

Lanbide enplegatzea:
-Ordutegia: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00era.
-Telefonoa: 943 33 68 02.
-Helbide elektronikoa: marijo-m@hernani.net.
-Zerbitzuak: Hernaniko langabetuen zerrenda bateratua osatu, lan poltsa dinamiko bat sortzeko, eta lan bitartekaritzan aritu, enplegu es­kaintzak erregistratu eta kudeatuta.

Erabilera anitzeko gela:
-Ordutegia: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 09:00etatik 15:00etara.
-Zerbitzuak: ordenagailu gela, ikasitakoa martxan jarri, infomazioa bi­latu, ikastaroetan izena emateko...

Toki garapen teknikaria:
-Kokapena: Ongintzako eraikinean, Sandiusterri aretoaren azpian.
-Ordutegia: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00era.
-Telefonoa: 943 33 50 21.
-Helbide elektronikoa: alfonso-g@hernani.net.
-Zerbitzuak: Udaleko enplegu planerako eta heziketarako tailerretarako dirulaguntzen kudeaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!