Urtero bezala, gaur, San Sebastian egunaren bezperan, Tabernetako Bertsolarien Txapelketa jokatuko da. Hemeretzigarren txapelketa izango da, eta guztira, 12 bertsolarik hartu dute parte: Amaia Otxotorena, Eli Pagola, Izarne Zelaia, Eñaut Martikorena, Andoni Garmendia, Jon Altuna (Oxan), Joseba Agirre, Iraitz Santa Kruz, Gorka Etxeberria, Pello Basurto, Aitor Barrenetxea eta Oier Iurramendik. Gaur gaueko 23:00etatik aurrera, finalera pasa diren sei bertsolariak txapela lortzeko lehian ariko dira, Garin tabernan.
Kanporaketak ere bai, aurten
Aurtengoan, Txapelketa besteetan baino lehenago hasi da. Izan ere, lehenengo aldiz, kanporaketak jokatu dira. Urtarrilaren 10ean izan zen lehenengoa, eta bertan, Oier Iurramendi atera zen garaile, eta Amaia Otxotorena bigarren. Urtarrilaren 11ko finalerdian berriz, Izarne Zelaiak irabazi zuen, eta Joseba Agirrek egin zuen bigarren. Bestalde, puntuazio onari esker, finalera pasa dira, baita ere, Aitor Barrenetxea eta Eli Pagola.
Lau hernaniar finalean
Finala gaur jokatuko dute, 23:00etan Garinen, Iurramendi, Otxotorena, Barrenetxea eta Pagola hernaniarrek, eta Zelaia eta Agirrek.
Azken urteetako txapeldunak:
- 2001: Aritz Zerain.
- 2002: Jon Altuna, Oxan.
- 2003: Jon Garmendia, Txuriya.
- 2004: Mikel Lujanbio, Xapo.
- 2005: Diego Riaño.
- 2006: Angel Arruti.
- 2007: Arnaitz Lasarte.
- 2008: Urko Kasado.
- 2009: Jon Altuna, Oxan.
- 2010: Aitor Barrenetxea.
- 2011: Iñigo (Irun).
- 2012: Oier Iurramendi.