Urumea ibaiak oso goian jarraitzen du oraindik, eta parteak dio euria egingo duela datozen hiru egunetan. Beraz, Hernaniko Udalak jakinarazi du alerta egoeran dagoela Hernani, urak ateratzeko arriskua dagoelako oraindik. Arreta berezia eskatzen zaie uholde arriskuko lekuetan bizi direnei eta lan egiten dutenei, eta leku horietan bandoa jarriko da. Udaltzainen aginduei kasu egiteko eskatzen zaie herritar guztiei, eta larrialdi egoera aldatzen bada, jakinaraziko da. Abisu berririk eman arte, ezin da aparkatu Karabel eta Portuko puntu bajuenetan. Alertari buruzko informazio gehiago udal web orrian: www.hernani.net.
Añarbek urak askatuko ditu pixkanaka, Urumeak uzten dion neurrian
Añarbeko urtegiak jakinarazi duenez, hiru egunetan metro karratuko 216,8 litro bota ditu (urtarril osoko bataz bestekoa baino %5 gehiago). Uholde arrisku haundieneko momentuetan presa itxita egon da, eta guztira 6,5 miloi metro kubikori eutsi die. Urumearen maila jaitsi den momentuetan urtegia ustutzen aritu da pixkanaka. Añarbek jakinarazi du, lekua irabazteko ura askatzen segiko duela Urumeak uzten dion neurrian, oso kontrolatuta, eta beti krisi mahaiari jakinarazita.
Futbol partiduak eta errugbi partiduak lekuz aldatu
Zubipen zelaia garbitzen aritu dira CD Hernaniko kideak atzo eta gaur, eta Landare berriz, oraindik ur azpian zegoen atzo. Bi taldeek lekuz aldatu behar izan dituzte asteburu honetako partiduak, eta ikusteko dago, datorren asterako prest egongo diren zelaiak, eta bitarteko entrenamenduak non egingo diren.