Zazpi eguneko festa izango da Sagastialdeko atletismo pistan, datorren astelehenetik igandera. Xabier Salillas Hernaniko ultrafondoko korrikalariak 100 kilometro egingo ditu korrika egunero, zazpi egunez Hernani Wukrorekin ONG-GKEaren alde. Salillasi laguntzen izango dira egunero Hernaniko talde askotako kideak, eta herritar guztiak azaldu daitezke korrika egitera, nahi duten egunean eta nahi duten beste km eginez.
Herriko talde eta banako, Salillasi laguntzen
Korrika egiteko baiezkoa eman dute dagoeneko herriko 15 taldek baino gehiagok. Erremontista taldea (Endika Barrenetxea hernaniarra tartean dela), Musika Eskolako kideak, emakume korrikalariak, Udal Gobernu taldea, Mendiriz Mendi, Martindegiko auzo elkartea, Portuko jai batzordea, Gibelalde, Urmia, Hernaniko Kronika eta Dobera, Institutua...
Porrotx eta Mari Motots, Oscar Terol, Cabestany...
Hainbat ezagunek ere parte hartuko dute astebeteko festan: Porrotx eta Mari Motots asteartean izango dira 17:00etatik 18:00etara. Pello Ruiz Cabestany eta Oscar Terolek ere jakinarazi dute azalduko direla, baina zehazteko dago eguna eta ordua.
Talderen batek parte hartu nahi badu, deitu: 625 703 656. Gainerakoan, edozein azaldu liteke, berari gehien komeni zaion garaian. Horrez gain, dirulaguntza emateko deia egin diete herritar guztiei.