Begiak, iluntzeko euriei adi

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 19a, 01:00

Iragarpenek diote metro karratuko 100 litro botako dituela 24 ordutan. Añarbek ur asko askatu du bi egunotan, eta lekua badauka 7,5 miloi m3 ur biltzeko, gutxi gorabehera.

Alertan jarraitzen du Her­nanik. Ostegunean arna­saldi bat eman zuen egu­raldiak, baina gaur ostera euritza dezen­te­koak espero dira eta ilunabar aldeko zaparradei begira dau­de begi guztiak. Metro karra­tuko 100 litro espero dira 24 ordutan, eta aurretik egin­dako guztiare­kin, ikusi egin beharko da ibaiak zen­bate­raino eusten dion.
Añarbeko urtegiak leku dezente irabazi du bi egu­ne­tan, ura askatu baitzuen,
eu­ri­rik ez zuela egin aprobetxatuta.    

Andoni Pikabea: «Alertan jarraitzen dugu bihar arte»

Hernaniko Udaltzain bu­ru­ak, Andoni Pikabeak, Kro­ni­kari jakinarazi dionez, alerta egoera ez da eten astearteko euriak hasi zituenetik. «Aler­tan jarraituko dugu bihar arte, eta hor ikusiko dugu zein den panorama. Herri­ta­rrei jakinarazi nahi diegu, erne segi dezatela, eta aholku nagusiak bete ditzatela». Erne ibili behar dute, batez ere, Portu eta Karabelgo bi­zilagunek edo errio baz­te­rrean lokalak dituztenek. «Ez aparkatu auzoko punturik bajuenetan».

Etengabe, datu eta estadistikei begira

Alerta egoeran egonik, eten­gabe dago Udaltzaingoa da­tuei begira. «Ibaiaren maila zenbatekoa den mo­menturo errebisatzen ari gara, Euskal­meten bidez. Añarberekin etenga­beko harremana dau­kagu, eta krisi mahaian ere parte hartzen ari gara». Egin litekeen guztia egiten ari direla dio Pikabeak, eta au­zotarrei ere ahalik eta gehien laguntzen ari dira. Portuko  bizilagunei espumazko olak eta espraiak banatu zaizkie, eta Karabelen ere bai, baina han ez dute beharrik izan.

Añarbeko urtegian, bost egunetan, 226 l/m2

Sekulako euritzak egin ditu bost egunotan, eta Añarbek ezinbestean urak askatu behar izan ditu, behin baino gehiagotan. Bost egunetan urtarrileko mediatik gora euri egin du (%9 gehiago), metro karratuko 226 litro, hain zuzen ere. Hainbeste ur pilatuta, ostegunean eta atzo ura askatu zuen Añarbek. Kronikara bidali­ta­ko datuek diotenez, atzo arratsaldeko 15:00etan 5,8 miloi metro kubi­ko­rentzat lekua zeukan Añar­bek, eta gaur 7,5 miloi metro kubikorentzat lekua egiteko asmoa zuten.
Beti ere Ereñotzuko ibai mailari begira askatu dira urak, eta inoiz ez da pasa 2 metroko mailatik. Oste­gu­nean, kaudal ekologikotik
2,5 metro kubiko askatu zituen segunduko. Goizeko 07:00etan ate bat ireki zuten (33 m3/s); 10:15etan bigarre­na (23 m3/s); 13:30etan beste bi ate txiki (7,6 m3/s). Gaueko 23:15etan, goikalde­ko hiru ateak %10ean ireki ziren (15 m3/s). Guztira, 25 ordutan 3,8 miloi metro ku­biko ur askatu ditu Añarbek, 25 ordutan. Hortik aurrera, lekua irabazten segi du Añarbek (66 m3/s askatuz), 00:00ak aldera arte, eta hortik aurrera 23 m3/s askatuko ditu, ibaiak eta eguraldiak uzten dioten arte. 

Landare eta Zubipe, atzo ere ur azpian

Landare eta Zubipe uholde lurrak dira, eta hargatik ia urtero ur azpian geratu ohi dira, egunen batean. Landare asteartetik ur azpian dago, momenturen batean hustu zen, baina berriz ureztatu. Zubipe ere ur azpian geratu zen asteartean, baina gero egun batzuetan urak jaitsi eta garbitze lanetan aritu dira. Atzo goizean, berriz sartu ziren urak, eta gaur ere iragarritako euriak eginez gero, halaxe gertatzeko arriskua dago.
Futbol taldeak beste zelai ba­tzuetan jokatuko ditu as­te­buruan Hernanin jokatu be­ha­rreko partiduak; guztira hi­ru partidu. Errugbi taldeak ez zuen Landaren partidurik asteburu honetan, beraz, al­datu beharrik ez du izan. Errugbi taldeak Cajasolen kontra jokatuko du hurrengo asteburuan, hilaren 27an, eta ikusteko dago Landaren jo­ka­­tu ahal izango duten edo ez.
Entrenamenduak ingu­ru­ko taldeen ze­laietan egin be­harko dituzte, datozen egu­netan: Zubieta, Zarautz, Aiete... eta Hernanin ere Sagastialden eta abar. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!