Beste behin ere Zubipen eta Landaren urak atera ziren atzo, eta baita Portu, Karabel eta Osiñagako hainbat baratzetan ere. Fagollagan ere eguerdian urak atera ziren, eta baita beste hainbat puntutan ere. Hortxe eragin zituen kalterik haundienak urak. Etxebizitza, eraikin, almazen edo autorik ez zuen harrapatu.
Egun guztian alerta gorrian egon zen Hernani, eta gaurko ere hala dago, euri jasa haundiak espero baitira. Udaltzaingoa, Alkatea, udal larrieldietarako langileak, landazaina eta beste hainbat tekniko erabat koordinatuta aritu ziren, momentuan momentuko erabakiak hartzeko.
Egun guztiko alerta, inzidentzia haundirik ez
Goizeko 04:15etarako alerta laranja piztua zegoen, eta goizeko 07:00etan gorria. Ordu horretan, Ereñotzuko informazio puntuan 1,8 metrora igoak ziren urak, eta horrek ematen du abisua, alerta gorria pizteko. Goizeko 07:00etan megafoniaz jakinarazi zieten Portu eta Karabelgo bizilagunei kotxeak aparkalekutik mugitzeko. Grua ere ibili zen kotxeak mugitzen, une horietan. Aparkalekuak erabat hustu ziren eguerdirako (gaur erabat itxita dago Karabelgo parkina).
Errepidea bi puntutan itxi zen goizean zehar: Portutik Osiñagara bidean, eta Florida kalean; segituan ireki ziren puntu horiek.
Argirik gabe geratu ziren herriko hainbat puntu goizean, Arrigoain parean zuhaitz bat erori baitzen elektrizitate kablearen gainera. Arratsaldeko lehenengo orduetan konpondu zuten arazo hori.
Lur-jausiek eragin zuten kalterik Hernaniko leku batzuetan: Fagollagan eta Ibarluzeko bi puntutan, esaterako.
Azken orduan,
urak ateratzeko zorian
Urak atera, ez atera, zeuden Kronikak erredakzioa itxi zuenean (21:00ak aldera). Gaur ere alerta gorria dago emana, eta Udalak protokolo guztiak beteko ditu.