Urtero bezala, Inauterietako larunbatean, Mozorro Festa izango da. Otsailaren 9an izango da Atsegindegin, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Hori horrela, gazteek euren lanak ondo prestatu ahal izateko, entsaio egunak antolatu dituzte. Gaur izango da lehenengo entsaioa, 17:00etatik 18:00etara, Biteriko Areto Nagusian.
Beste hiru entsaio
Gaurko entsaioaz gain, beste hiru ere izango dira datozen asteazkenetan: urtarrilak 23, urtarrilak 30 eta otsailak 6. Antolatzaileek azaldu dutenez, aldaketak egon litezke. Jakinaraziko dute.
Gazteak, sortzaile
Mozorro Festaren helburua da, gazteek musikaren inguruan saio bat prestatzea. Hala azaldu dute antolatzaileek: «Normalean, gazteak ikusle eta entzule soilak izaten dira eta ekimen honekin, gazteak sortzaile izatea bilatzen da. Gazteek aukeratutako edo beraiek sortutako musikaren inguruan abestu, dantzatu edo antzeztu dezatela bilatzen da». Gazteek taldeka edo bakarka hartu dezakete parte.