Partidu zaila izan zen atzokoa. Hernanik egun txarra izan zuen, eta partidua irabazteko aukerak bazituen arren, entsegu bakar bat egitea lortu zuen. 13 eta 19 galdu zuen Vigoren aurka, eta ondorioz, malda-gora jarri zaio denboraldiko bigarren buelta.
Hala ere, orokorrean, joku eta puntu gutxiko partidua izan zen. Bi taldeek entsegu bana egin zuten, biak partiduko azken zatian. Gainontzeko puntuak, zigor-kolpeen bidez atera ziren.
Lokatza eta nahasmena
Egunak bere aurpegirik txarrena erakutsi zuen atzokoan. Euria barra-barra bota zuen, eta lokatza eta nahas-masa nagusitu ziren Landareko zelaian.
Partiduko lehenengo zatian, zigor-kolpeen bidez lortu zituzten bi taldeek puntuak. Hala ere, Hernanik bazuen aurrea hartzeko aukerarik, 13 jokalariren aurka aritu baitzen, epaileak Vigori ateratako aldi baterako bi kanporatze eta txartel gorri bat medio.
Baina atsedenaldira 6-9 galtzen iritsi ziren. Bigarren zatiaren erdialdera, Vigok entsegua egitea lortu zuen, baita transformatzea ere. Bukaera aldera esnatu ziren hernaniarrak, eta Jokin Esnalen korrika saio bati jarraituz, Oier Garmendiak entsegua egitea lortu zuen, eta Genuak, transformatzea. Beste entsegu bat egiteko puntuan izan ziren, baina ez zuten lortu. Markagailua, 13 eta 19 gelditu zen.
Entrenamendua larunbatean, Euskadiko Selekzioarekin
Hernaniko 7 errugbi jokalari Euskadiko Kadete eta Gazte Selekzioarekin entrenatzeko deituak izan dira; Beñat Iradi, Mattin Mujika, Peio Perez, Mikel Paino, Tomas Elorza, Jon Ander Puertas eta Mattin Collado. Entrenamendua larunbatean, Landaren.