«Hau da Hernaniko sagardo berria, eta gu txotxero!»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 13a, 01:00

Kantuan ireki dute Hernaniko Txotx denboraldia, Gaztea Irratiko lau esatariek. Euriari beldurrik ez, eta zintzurrak ere bustitzeko asmotan, hernaniar ugari bildu da Plazan, eguerdian.

Ainhoa Vitoria, Jon Gotzon, Edurne Garmendia eta Joseina Etxeberria, Gaztea IrratikoDida! saioko lau esatariek gaur eguerdiko 12:30etan ireki dute, ofizialki, Hernaniko Txotx denboraldia, eta ez edozein modutan; kantuan, alai!

Euskal kantu ezagun batzuetako doinuak erabilita, bertso sorta goxo eta bizia kantatu dute, probatu duten sagardoa bezalakoa. Era berean, eskerrak eman dizkiete hernaniarrei, bertako Txotx denboraldia irekitzeko gonbita egiteagatik. «Hemendik aurrera inork ez dezala gaizki hitz egin gure aurrean Hernaniko sagardo denboraldiaz, Hernaniko sagardoaz, ez eta Hernaniko jendeaz ere. Benetan bihotzean eramango zaituztegu eta».

Jarraian, lehenengo tragoa hartu baino lehen, hernaniar guztiak ere, sagardo denboraldiaz gozatzera gonbidatu dituzte. «Edan asko; gehiegi ez. Mozkortu, pozez eta ilusioz posible bada, baina inoiz ez alkoholez. Biba zuek! Eutsi Hernani! Urte berri on!»


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!