Otsailaren 3an Iñude eta Artzainak Hernaniko kaleetan barrena ibiliko dira, Urumea ikastetxeko konpartsaren eskutik. Hauek iragarriko dituzte, urtero bezala, Iñauteriak. Ondoren, Hernaniko Musika Bandak ere, Iñauterietako kontzertu berezia emango du. Jaiak berriz, otsailaren 8tik 12ra izango dira. Egitaraua prest dago dagoeneko. Kartela ere bai. Haritz Berasategi Bastarrikak egindakoa izan da 2013ko Iñauteriak iragartzeko aukeratua. Festei hasiera ofiziala otsailaren 8an emango zaie. Bertan, omenaldia egingo zaie Zinkoeneako kioskoko ama-alabei; Julia Ayerra eta Lourdes Leibarri, hain zuzen.
Lau egunetan festa, bosgarrenean negarra
2013ko Iñauterietako egitaraua presta dago. Lau egunetan zehar, mozorrotzeko, festarako eta ondo pasatzeko nahikoa aukera izango da. Aurtengoan ere, ez dira faltako urteroko ekitaldiak. Txupinazioaren ondoren, Lagunak txarangak girotuko ditu herriko kaleak. Arratsaldean berriz, erraldoi eta buruhaundiak izango dira. Diskoteka ere jarriko da, Plaza Berrin, eta afizionatu mailako esku pelota partiduak ere ez dira faltako. Larunbatean eta astelehenean, azeri-dantza egingo da. Igandea berriz, mozorroen egun ofiziala izango da. Ttarla dantza taldearen, eta Elizatxo eta Inmakulada ikastetxeen konpartsak aterako dira, Hernani kolorez betetzera. Gainontzean, gustu guztietarako ekitaldiak izango dira: makina bat txaranga, haurrentzako poni eta zezen txikiak, mozorro festa, disko festa, herri-kirolak, dianak, erromeriak, haurrentzako emanaldiak... Azkeneko egunean berriz, bosgarrenean, negar-malkoen artean ehortziko da sardiña.
Jai Batzordearen sariak
Urtero, Iñauterietan, Jai Batzordeak sariak eman dizkio talde edo mozorro onenari, balkoi apainduenari eta eskaparate apainduenari. Mariskada eder bat izaten da oparia. Seguru aurten ere saririk ez dela faltako. Baina iaz iragarri zuten aurtengo irizpideak aldatu egingo direla. Izan ere, lehenego urtean bi talde saritu zituzten mozorro onena sortzeagatik eta herrian giroa jartzeagatik (Flamenko taldea eta Musika Eskolako txistulari taldea), baina beste 2 sariak banatu gabe utzi zituzten.