«Bi taldeak oso ondo ari dira; ezin naiz kejatu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 12a, 01:00

Senior mutilen eta nesken taldeek etxean jokatuko dute bihar. Mutilek 12:30etan Eibarreko Urbat taldea izango dute, aurrez aurre. Neskek, berriz, Santoñaren aurka jokatuko dute 13:30etatik aurrera. Mutilek aurkari zuzenaren aurka jokatuko dute, hirugarren posturako lehian; eta neskek, eraberritu den taldearen aurka. Aurten, jubenilen talderik ez da osatu, «ordutegiaren eraginez», dio Miguel Angel Redondo entrenatzaileak.

Waterpoloaz gozatzeko aukera ederra izango da bihar Hernanin. Izan ere, Her­na­ni­ko bi taldeek etxean jokatuko dute. Aurrena, se­nior mutilen partidua izango da. Eibarreko Urbat taldea izango dute aurrez aurre Ki­roldegiko igerilekuan, 12:30e­ta­tik aurrera. Senior neskek ondoren jokatuko dute, 13:30etatik aurrera. San­toñarekin neurtuko dira. Miguel Angel Redondo en­trenatzaileak Kronikari azaldu dioenez, mutilek partidu borrokatua eta zaila espero dute. Berdinduta daude eta hirugarren postua lortzeko lehiatuko dira. Eta etxekoek, aldeko faktore bat badutela azpimarratu du Redondok: «Hemengo igerilekua bost kaletakoa da eta zailagoa da horrelako igerilekuan joka­tzea, ohituta ez dagoenaren­tzat. Horrez gain, daukagun guztia emango dugu». Nesken kasuan, berriz, sorpresa izango da nagusi: «Santoñak iaz ez zuen jokatu eta aurten guztiz eraberrituta bueltatu dela jakin dut. Gazte asko ere badituzte. Beraz, uretan egon arte ez dugu jakingo nolako aurkaria izango dugun. Hori bai, topera jokatuko dugu».

Mutilak sendo, baina igotzeko aukerarik gabe
Mutilen taldea, Euskal Herriko bigarren mailan ari da jokatzen. 2010-2011 denboraldian lehenengo mailan jokatu zuen, baina iaz jaitsi zenetik bigarren mailan jarraitzen du. Gainera, aurten, nahiz eta denboraldi oso ona egin, ezingo luke lehenengo mailara igo. Izan ere, lehenengo mailara igotzeko, klubak, maila bajuagoko beste talderen bat izan behar du, gutxienez, eta aurten jubenilen talderik ez da osatu Hernanin. Dena dela, denboraldia ondo hasi dute hernaniarrek eta, «trantsizio urtea» izango den arren, goiko postuetan ibiltzeko asmoa dute, entrenatzailearen esanetan. 20 jokalari inguruk osatzen dute taldea.

Neskak, jokalari gutxirekin
Nesken taldeak Euskal He­rriko lehenengo mailan joka­tzen du; maila bakarra dago. Eta bosgarren postuan daude, 8 talderen artetik. Redondok azpimarratu duenez, «aurten 10 jokalari inguruk osatzen dute taldea eta hori nabaritzen da. Asko nekatzen dira. Dena dela, ondo hasi gara, taldea gaztea da eta oso pozik gaude». Lehendik waterpoloan ibilitako jokalari bat ere bueltatu dela gaineratu du. Gehienek ikasketen eraginez utzi egin behar izaten dutela azaldu du Redondok. Aurtengo helburuaz galdetuta, hasiera batean aurreneko hiru postuen artean egotea zela azaldu du entrena­tzaileak. «Baina oso talde indartsuak daude eta gu oso justu gabiltza. Jokalari gutxi izateak asko markatzen du». Hala ere, taldeak ez du oraindik daukan guztia eman: «Margen asko dugu hobetzeko eta egunetik egunera hobetzen doaz», dio. «Egia esan, bi taldeak oso ondo ari dira; ezin naiz kejatu».

Etorkizuneko erronka, ordutegi zabalagoa izatea entrenatzeko
Jubenilen talderik ez da osatu denboraldi honetan eta Re­dondo oso penatua dago, baina normala dela iruditzen zaio: «Oso ordutegi mugatua dugu eta gaztetxoek ez dute entrenatzeko aukerarik. Igeri­lekua ez da futbol zelaia bezala, jendeak egunero erabiltzen du eta arratsaldean ezin dugu entrenatzeko erabili. Gaueko 21:00etan hasten ditugu entrenamenduak eta ez dira ordu­ak gaztetxoentzat. Klubak daukan erronka edo helburua bada, etorkizunera begira, ordutegi zabalago bat izatea. Gazteak behar ditugu, beraiek dira oinarria».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!