Auditoria energetikoa egin duzue herriko lau eraikinetan: udaletxean, Biteri kultur etxean, Elizatxo ikastolan eta Langile ikastolako Laubidieta eraikinean. Aztertu duzue zenbat energia gastatzen duen eraikin bakoitzak.
Hori da, eta energia aurrezteko ze neurri hartu daitezkeen proposatu dugu. Kontuan izan behar da, aurten indarrean jarriko dela Errege Dekretu bat. Berez urtarrilaren 1etik indarrean egon behar zuen. Horren arabera, saldu edo alkilatu nahi diren etxebizitzek Etiketa Energetikoa behar dute, hau da, Energia Eraginkortasun Ziurtagiria. Eta administrazioko eraikin publiko guztiek ere bai.
Etiketa Energetiko hori lortzeko egin da azterketa, eta horrez gain, Udala kezkatuta zegoelako, energia asko gastatzen zela-eta.
Oraingoz lau eraikin horien auditorioa egin da, baina aurrera begira gehiago egiteko asmoa azaldu du Udalak.
Etiketa Energetikoa derrigorrezkoa izango da, beraz. Ze baldintza bete behar dira ziurtagiria lortzeko?
Europatik datorren erabakia da eta Auditoria Energetikoa egitea da baldintza. Azterketa hori, horretarako prestatuta gauden teknikook egiten dugu (arkitektoek, ingeniariek...). Aztertzen dugu, berogailuaren instalazioa, aire egokituarena (dagoen kasuetan), ur beroarena... Eta eraikinaren egoeraren arabera, etxea edo eraikinari maila bat ematen diogu. Etiketa Energetikoak, 7 letra eta 7 koloreko eskalan sailkatzen du; hau da, A-tik G-rako tartean, maila ezberdinak adierazten ditu, CO2 isuriaren arabera. Izan ere, gero eta energia gutxiago kontsumitu, CO2 gutxiago isurtzen da. A-C tartean, maila bat igotzeko neurriak proposatu behar ditugu; D-G tartean, bi maila igotzeko neurriak. Neurri horiek hartzea, ez da derrigorrezkoa.
Hernaniko auditoriaren kasuan, zergatik aukeratu dira lau eraikin horiek? Ustez, okerren egon zitezkeen eraikinak aukeratu dira. Udaletxea oso zaharra da eta askotan bero gehiegi edota hotz gehiegi izaten dutela azaldu ziguten. Kultur etxea ere zaharra da eta gainera, azken aldian faktura altu xamarrak iritsi zitzaizkiela esan ziguten.
Nola moldatu zarete azterketa egiteko?
Azterketa osatu da, fakturen analisiekin eta beste azterketa sakonagoekin, eraikin bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Metodo ezberdinak erabili ditugu. Hori bai, eskerrak eman behar dizkiegu Udaleko mantentze sailekoei, emandako laguntzagatik eta lana errazteagatik.
Eta ze egoeratan aurkitu dituzue eraikinak?
Orokorrean, egoera onean daude, energia kontsumo egokia dute. Lau eraikinak C-D mailen tartean daude.
Eta beste ondorioetako bat da, dauden kontsumoak beharrezkoak direla. Baina neurri batzuk hartuta hobetu litezke.
Zeintzuk dira proposatu dituzuen neurriak?
Aipatu behar da, lau eraikinak bi multzotan banatu ditugula, energia kontsumitzeko moduaren arabera. Udaletxeak eta kultur etxeak, adibidez, gehiago gastatzen dute berogailuan edo aire girotuan; Laubidieta eta Elizatxok, berriz, argiterian. Eta neurriak ere egoera bakoitzera bideratu ditugu.
Argiteria aurrezteko neurriak honakoak izan daitezke: behar ez denean, argia itzali. Automatizazio bidez egin daiteke, sensoreak erabilita, edo bertako erabiltzaileek arduraz jokatuta. Horrez gain, teknologia hobetzea da beste bide bat, hau da, lanparak aldatzea. Orain LED motatakoak erabiltzen dira. Azken bidea, plaka fotoboltaikoak jartzea litzateke.
Eta eraikin bakoitzarentzat?
Elizatxon, instalazioak ondo daude, nahiko berriak dira. Lau eraikinetatik berrienak bertan daude. Leihoak ere aldatzen ari dira pixkanaka. Dena dela, erregulazio aldetik neurri txiki batzuk proposatu ditugu.
Laubidietan, kaldera, gasezkoa da, baina zaharkitua dago eta aldatzea komeni da. Leihoak aldatu dituzte eta horrek eragina izango du kalderan. Oraingoa baino txikiagoarekin nahikoa izango da. Azkenean, neurri batek besteari eragiten dio.
Udaletxean eta Biterin berotze sistemarekin dituzte gorabehera gehienak eta oso sinpleak diren neurriak aholkatu dizkiegu: beroa egiten duenean, leihatilak itxi (contraventana) eta leihoak irekitzea, korrontea sortuz… Hotza egiten duenean, baina eguraldi ona, leihoak itxita, leihatilak irekitzea; eta txarra egiten duenean, dena ixtea... Tontakeria dirudite, baina aldea nabaritzen da. Udaletxean gertatzen dena da, berogailu zaharrak eta berriak nahastuta dauzkatela eta horrek eragina du.
Horrez gain, udaletxea eraikin babestua da eta kanpotik ezin da ezer egin, ez isolatzailerik jarri, ez antzekorik.
Biterik eguzki plaka dauka, nabari al da aldea?
Eguzki plaka fotoboltaikoa dauka, hau da, energia elektrikoa sortzen duena. Gertatzen dena da, behar duenaren %10a bakarrik lortzen duela bertatik. Benetan eraginkorra izateko, aurretik beste pauso batzuk eman behar dira. Guk hiru pauso zehazten ditugu energia eraginkortasunerako. Lehenengoa, kontsumoa jaistea da: isolamendua, leihoak jartzea... Bigarrena, instalazioen errendimendua hobetzea: kalderak aldatzea... Eta azkena, energia berriztagarriak: eguzki plakak, biomasa...
Fakturen analisiari ere garrantzia ematen diozue.
Energia elektrikoaren kasuan, potentzia fijo bat kontratatzen duzu, 15 KWko potentzia maximoa, esaterako, etxeetan eta enpresa txiki eta ertainetan. Baina gertatzen da batzuetan, potentzia hori gainditu egiten dela eta argiak ez du saltatzen, baina penalizazioa kobratu egiten dute. Eta faktura iristean, bertan bakarrik azaltzen da ordaindu beharrekoa zenbat den, baina ez du daturik ematen, hau da, kon-tsumoa nolakoa izan den ez du zehazten. Auditoria edo azterketa hauekin, penalizazio hori saihestu daiteke eta gainera, auditoria egiteak duen kostua urtebetean konpensatu daiteke, energia kontratazioa egokituta. Kontadoreak jar-tzen ditugu eta horien bidez jakin dezakegu kontsumoa nolakoa den zehaztasun guztiarekin, eta neurriak hartzen ditugu.