Haur lapurtuen auzian, hilobi bat ireki zuten atzo Hernaniko hilerrian

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 12a, 01:00

Hernaniko hilerriko nitxo batetik atera zuten, atzo goizean, hil-kutxa. Lau hilabete beharko dituzte jakiteko, bertan aurkitutakoaren ADNa eta familiarena berdina ote den.

Hernaniko familia batek duela 2 urte jarri zuen pro­zesua martxan, 1978an izan zuten haurra lapurtu egin zie­tela susmatzen hasi zirenean. Atzo goizean, Hernaniko hilerrian familiak duen ni­txotik atera zuten ustez hil zen haurraren hil-kutxa. Orain, lau hilabetez zain egon beharko dutela azaldu diete. Denbora horretan, probak egingo dituzte, hil-kutxan agertutakoaren ADNa eta familiarena ber­dina ote den jakin ahal izateko. Berdina ez bada, haurra lapurtu egin zietela ziurtatuko da.

«Ez zidaten utzi haurra ikusten»
Hernaniko Kronikak kasua jarraitu du lehengo urtetik hona. Familia hernaniarra (izena ezkutuan gorde nahi dute) Anadir elkartearekin (Aso­cia­cion Nacional de Afec­tados por Adopciones Irregulares) jarri zen harre­manetan, susmoak hartzen hasitakoan. «Umea ikusten utzi ez izanak piztu zidan susmoa.» 7 hilabe­te­rekin eta pisu gutxirekin jaio zen, eta ospitalean geratu behar izan zuen. Baina amak Kronikari azaldu zion hau­rra pisua har­tzen hasi zela, eta etxera era­matekoak ziren astean deitu ziotela, esanez, haurra hil egin zela. Kutxa prezintatu batean zuzenean Hernaniko kanposantura eka­rri zuten. Duela 2 urte Anadir elkar­tearekin harremanetan jarri eta berehala, hau­rraren heri­otza-ziurtagiria lortu zi­tu­en epaitegian eta funera­rian. Segidan, his­to­rial kli­nikoa es­katu zuen Donos­tiako ospita­lean. «Eskatu eta egun ba­tzuetara ematekoak ziren, bai­na garai hartako nire eta umearen historialik ez ze­goela esan zidaten. Are ge­hiago, esan zidaten, umea ez zela ez erre­si­den­tzian jaio, ez eta erre­sidentzian hil ere».

Ginekologoaren eta pediatraren deklarazioa
2012ko urtarrilean Gi­puz­koako Auzitegian deklaratu zuten, kasu honi lotuta, emakume hernaniar honen haurdunaldia eta haurraren jaiotza jarraitu zituen gine­kologoak, eta garai hartan, Donostiako Arantzazu Ospi­ta­leko pediatra buru zenak. Deklaratu baino lehen­txeago, familia honen aboka­tuari jakinarazi zioten, ustez, desagertutako historial klini­koa azaldu zela. Ginekologoak haurdu­nal­diari eta ondorengo jaiotzari buruzko datuak eman zitu­en, haur hori jaio zela demos­tratzeko. Pediatra buruak berriz, orduko informean irakurritakoaren arabera, jaio­tzaren datuak eman zi­tuen, baina gehitu zuen gezurra zela, umea ikusten utzi ez ziotenik. Hilerritik ateratako ADN proben emaitzek ar­gituko du­te kasua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!