Kontuan hartzeko datuak utzi ditu 2012 urteak Hernanin, langabeziari dagokionez. Apirilean eta ekainean ezik, langabetu kopurua igotzen joan da hilabetez hilabete eta urtea 1.382 langabeturekin bukatu da; 2011n baino 201 langabetu gehiagorekin. Gainera, Gipuzkoan eta EAEn, orokorrean, langabezia jaitsi egin zen azarotik abendura, baina Hernanin, joera guztien kontra, igo egin zen. Azaroan baino 15 langabetu gehiago zegoen abenduan. Hala ere, hilabeterik gogorrena azaroa izan zen, urrian baino 19 lagun gehiago zegoen lanik gabe. Abenduan denera, biztanleria aktiboaren, hau da, lanean zeuden edo lanerako moduan eta adinean zeudenen artetik, %14,3a zegoen langabezian.
Gipuzkoan 47.688 langabetu, urte bukaeran
Gipuzkoa mailan, azarotik abendura langabezia kopurua jaitsi egin bazen ere (485 langabetu gutxiago zeuden), urtea 47.688 langabeturekin bukatu zen; 2011n baino %15,94 gehiagorekin. EAEn, orokorrean ere, langabezia kopurua igo egin da urtebetean: %16,29. Denera, 23.689 langabetu gehiagorekin bukatu da urtea.
Inoiz ez bezala, gizonezko gehiago lanik gabe
2012ko azken hiruhilekoan, orain arte izan den joera guztiz aldatu zen: langabetu gehienak gizonezkoak ziren: 704. Emakumezko langabetuak 678 ziren. Azaroan izan zen lehenengo aldiz gizonezko langabetu gehiago eta abenduan ere bide horri eutsi zion. Emakumeen kasuan, berriz, langabetu kopurua jaisten joan zen urritik abendura. Kaltetuenak 25-44 urte bitarteko gizonezkoak izan ziren: 378. Adin tarte horretan zeuden emakume langabetu gehienak ere: 320. Ondoren, 45 urtetik gorako emakumeei eragin zien gehien: 310 langabetu. Gizonezkoak, berriz, 268 langabetu ziren. 25 urtetik beherakoetan, 58 langabetu zeuden gizonezkoetan eta 48 emakumezkoetan.
Zerbitzuetan, 883 langabetu
Orain arte bezala, zerbitzuen sektoreak jarraitzen du izaten kaltetuena. Abenduan zeuden 1.382 langabetu horietatik, 883 ziren zerbitzuetakoak. 2011n 748 pertsona zeuden lanik gabe, sektore honetan.
Bigarren sektore kaltetuena, industria izan zen, ohi bezala, 226 langabeturekin, baina kasu honetan, 2011n baino 3 langabetu gutxiago zeuden 2012 bukaeran, industrian. Gainontzeko sektoreetan, azken aldiko joerari eusten diote. Eraikuntzan 170 langabetu zeuden abenduan, 2011n baino 43 gehiago; eta nekazaritzan 19 langabetu, 2011n baino 5 gehiago. Aurretik lanik izan gabeak ere gehiago izan ziren 2012an: 84, hain zuzen, 21 gehiago.
Kontratu gutxiago, baina indefinitu gehiago
Abenduan, azaroan baino 26 kontratu gutxiago egin ziren: denera, 382. Kontratu horietatik, gehienak, denboraldi baterako kontratuak izan ziren; hain zuzen, 343 kontratu. 38 kontratu indefinituak izan ziren. Horietatik, 22, indefinitu bihurtu ziren joan den hilabetean. Eta kontuan hartzekoa da, abenduan, azaroan baino kontratu indefinitu gehiago egin zirela: 23 kontratu. Azaroko gainerako kontratuak, hau da, 385 kontratu, aldi batekoak izan ziren.
2011 urte bukaeran, kontratu gehiago zeuden, baina indefinituak, kasu honetan ere, gutxiago izan ziren: 20 kontratu. 2011 urtea bukatzean, 400 kontratu zeuden eginda.
2012ko abenduan izan zen beste kontratu bat, 64 urteko jubilazio berezikoa izan zen.