Urumea ibaiaren eskuinaldean, Fagollaga parean, dauden 28 platanondo mozten ari da Ura agentzia (Eusko Jaurlaritza), lurren jabearekin eta Foru Aldundiko dagokion departamentuarekin adostuta. Hilabete inguru pasako dute lanean, eta ondoren, bertako zuhaitzak landatuko dituzte; 100 inguru.
Espezie inbaditzailea
Mozten ari diren 28 platanondoak aloktonoak dira (kanpokoak) eta inbaditzaile moduan daude katalogatuak. Horregatik, zuhaitz hauek moztea erabaki da, eta bertakoei lekua egingo zaie horrela. Bestalde, udaberrian, 3-4 sasi-akazia anillatu edo markatuko dira, eta geroago, moztu egingo dituzte, hauek ere.
Bertako espezieak indartu
Platanondoak mozten ari diren Fagollagako inguru honetan egindako ikerketetan jaso da, gune hau lehentasunezko gunea dela erriberako landaredia berreskuratzeko. Behin platanondoak kenduta, bertako zuhaitz espezieak landatzea da asmoa. Ura agentziak jakinarazi duenez, ez da landaketa askorik egingo (guztira 100 zuhaitz berri landatuko dira). Izan ere, bertan dauden zuhaitzak erabiliko dira, platanondoak kentzeari esker, bertako zuhaitzek nahikoa indar hartuko baitute hazteko.
Sahatsa, haltza eta lizarra
Ura agentziak argitutakoaren arabera, «ibai ertzetako landaretzaren kalitatea hobetzeko» balioko dute lan hauek. Hain zuzen, bertakoak diren ur ondoko berezko zuhaitzak landatu eta haziko dira: sahatsa, haltza eta lizarra, bereziki.