Jantzi potoloenen bila, %30 eta %50 bitarteko deskontuei zuku guztia ateratzeko

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 9a, 01:00

Hasi dira neguko beherapenak, eta Hernaniko dendetan, %30 eta %50 arteko deskontuak aurkitu ahal izango dira martxora bitartean. Dendariek diote «pixkanaka, baina jendea hasi dela mugitzen».

Eguberrietarako es­kain­tza bereziak egiten hasi ziren Hernaniko hainbat den­dari. Izan ere, «bezeroari pixka bat  lagundu egin be­har zaio, gauzak dauden moduan daudela-eta...». Halaxe azaldu dio Kronikari Kera jantzi-dendako jabeak.
Oinatz, Mauka eta Eukene dendetan ere, egoera antzekoa da: «hainbat produktu ofertan jarri genituen Gabonetarako, eta orain, beherapenetan, deskontuak %30 eta %40era ere haunditu ditugu». Martxora arte izango da merkealdiekin poltxikoari lasaitasun pixka bat emateko aukera, eta azken asteetan, %50eko deskontuak ere izaten dituzte, hainbat dendatan.

Eguberrietan ere eskaintzak

Aste honetan bertan, Errege eguna pasata, hasi dira merkealdiak, eta legez, gehienez ere, bi hilabetez luzatu dai­tez­ke. Martxora arte bada aukera, hortaz, erosketak egiteko.
Hala ere, Gabonetan eskaintza bereziak egin dituztela aipatzen dute dendari gehienek, %20 inguruko deskontuak eginez.
«Askok aurrekontua jaitsi behar izan dute», diote Oinatzen. «Gabonetan detaille txikiagoak egiteko ohitura haunditzen ari da: bufanda edo foularrak, eta horrelakoak. Kasu batzuetan gainera, beherapenen zain egoten dira, Gabonetako oparia merkeago erosi ahal izateko. Aste bat edo bi itxarotea nahiago dute, opari potoloagoa prezio hobean lortzeko».

Masifikaziorik ez, baina bai mugimendua

Merkealdiak hasi besterik egin ez badira ere, jendea hasiera-hasieratik mugitzen hasten dela diote Hernaniko dendariek. Maukan adibidez, astelehenean bertan nabaritu zuten jendearen joan-etorria: «lehenengo egunetik hasita, jendea nahiko fuerte dabil. Gauden garaian gaudela ere, bezeroek begiratu egiten dute». Oinatzen, Eukenen eta Keran ere nabaritu dute merkealdiak hasi direla: «masifikaziorik ez, baina pixkanaka, jendea hasi da mugitzen.
Bezero gehienak hernaniarrak izaten dituztela ai­patzen dute, «urte osokoak». Hala ere, «merkealdietan bakarrik etortzen den jendea ere» izaten dute, eta ez Hernanikoak bakarrik; Urni­eta, Astigarraga, Donostia, Errenteria, eta inguruko bes­te hainbat herritako jendea ere etortzen da.

Jantzi potoloenen bila
Bezeroen erosteko ohiturei dagokienez, dendari guztiek diote gehienak beherapenak hasi baino lehen ikusitako hura erostera etortzen direla.
Eukenen halaxe azaltzen dute: «denda edo almazen haundietan, askotan, merkealdietarako generoa ekartzen dute, eta ez duzu denboraldiko erropa aurkitzen. Guk den­boraldiko erropa izaten dugu, eta bezero gehienek ondo baino hobeto dakite zer erostera etortzen diren. Behe­rapenak hasi baino lehen begiratu bat ematen baitute askok».
Orokorrean, «jantzi potoloak; berokiak eta horrelakoak erosteko aprobetxatzen du jendeak merkealdietan».
Normalean garestixeagoak izaten diren erropak erosteko aukera ona izaten da merkealdietan, %30, %40 edo­ kasu batzuetan, %50eko deskontua aplikatuta, «prezio oso onean lortzen baitira».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!