Epea ireki da 2012an zehar antolatutako kirol ekintzengatik dirulaguntzak eskatzeko

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 8a, 01:00

2012an zehar Hernanin kirol programak eta jarduerak antolatzeagatik emango ditu Udalak dirulaguntza hauek. 28.953 euro bideratuko dira, eta otsailaren 3ra arteko epea dago eskaera egiteko.

Hernanin kokatutako irabazi asmorik gabeko kirol klubek eta entitate juridiko pribatuek eskatu ditzakete dirulaguntza hauek. Era berean, Hernanitik kanpo kokatutako entitateek ere eskatu ditzakete dirulagun­tza hauek, beti ere, antolatutako jardueren zati haundi bat Hernanin bertan egin denean edo Hernanirentzat interesgarria izan dela ikusten bada.
Dirulaguntza hauek eman­go dira 2012ko hainbat kirol programa eta jarduera antolatzeagatik. Guztira, 28.953 euro bideratuko dira laguntza hauetara, 2012ko Hernaniko Udaleko aurrekontuko partidatik.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Dirulaguntza hauek eskatzeko, dirulaguntzen eskaera normalizatua, behar bezala betea eta sinatuta, aurkeztu behar da, otsailaren 3a baino lehen, Hernaniko Udal Kiroldegiko bulegoetan. Es­ka­­era orria Hernaniko Uda­leko bulegoetan eskuratu daiteke, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30etara, astelehenetik ostiralera.
Eskaera orriarekin batera, ondorengo dokumentazioa ere aurkeztu behar da: klubaren estatutuak (duela gutxi eratutakoa bada); Identi­fi­kazio Fiskaleko Kodea (IFK) dokumentazioaren fotokopia; elkarteen Hernaniko Udal Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria; eta dirulaguntza eskaera egiten duen entitatearen curriculuma. Bertan, ondorengoak zehaztu behar dira: klubak dituen talde kopurua, kirol modalitate eta kategoria bakoitzean; urte honetako (2013) Hernaniko kirolari edo federatu kopurua eta horien zerrenda; klubeko kideen aurreko denboraldiko kirol balantzea (sailkapenak, lehiaketak, aukeratuak); 2012ko ekitaldiko ba­lantze ekonomikoa, diru sa­rreren eta gastuen justifikazioarekin; herritar guztiei zuzendutako promozioko ki­rol jardueren antolaketa eta dokumentazioa; egindako di­­rulaguntza eskaeren deklarazioa edo jasotako dirulaguntzen deklarazioa; eta en­titate eskatzaileak irekitako kon­tu baten titulartasuna zi­ur­tatzeko, finantza entitateak emandako dokumentua.

Dirulaguntzak emateko Udalaren irizpideak
Eskaerak aztertu eta balora­tzeko, eta dirulaguntzak nori eman erabakitzeko ardura dute Udaleko Kirol Batzor­deak eta Zuzendaritzak.
Besteak beste, baloratuko dira eskaera egiten duen klubak dituen lizentzia kopurua (gutxienez 8 federazio-lizen­tzia beharko dira); kiroleko maila guztiak edukitzea eta kirol ibilbidea garatzeko aukera ematea; lehiaketaren kategoria; entrenatzaileen maila; guztientzako kirola antolatzea; promozio jardueren antolaketa; emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzea; eta euskeraren erabilera.
Hernaniko klub guztiei diru-kopuru minimo bat bermatzen zaie, kirol-jarduerak eginez gero.

Ordainketa egiteko epea
Otsailaren 4tik aurrera, 3 hi­labeteko epea izango du Uda­lak, hartutako erabakien berri eman eta ordaintzeko. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!