«Maketak, mundua elkartzen», halaxe deitu dio Serafin Hernandezek bere erakusketari. Izan ere, bertan, inguruko, estatuko eta mundu osoko eraikin esanguratsuenen maketak jarriko ditu ikusgai. Hala nola: Aieteko jauregia, Donostiako Justizia jauregia eta udaletxea, Coruñako Herculesen dorrea, Pisako dorrea, Eiffel dorrea, Madrilgo zezen plaza, Bizkaiko Puentekolgantea, Taj Mahal... «Nere azken harribitxiak ere ikusgai egongo dira: Pariseko Notre Dame katedrala, Moskuko San Basilio katedrala....», dio Hernandezek. Denera, 20 maketa inguru izango dira.
Erakusketak bihar zabalduko ditu ateak eta hilaren 22ra arte izango da lanak ikusteko aukera. Biterin izango da, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.
«Geroz eta maketa
zailagoak egiten ditut»
Serafin Hernandez jaiotzez Extremadurakoa da eta umetan etorri zen Hernanira bizitzera. Portu auzoan bizitu zen, ezkondu eta Pasaiara joan zen arte. Egun, bertan bizi da.
Beti egin izan du lana egurrarekin. Enpresa familiar bat dauka eta ostalaritzara zuzendutako lanak egiten dituzte. Egurrezko serbilleteroak eta tabernako barran pintxoak jartzeko plater itxurako euskarriak, beraiek asmatutako lanak dira, besteak beste. Orain dela 15 urte, maketak egiten hasi zen. «Jubilatua nago eta zerbait egin beharra daukat», dio.
Hasieran, egindako maketak erosten zituen oinarri bezala, baina orain dena, berak egiten du: «Interneten bilatzen ditut argazkiak, angelu ezberdinetatik ateratakoak, neurriak...». «Geroz eta maketa zailagoak egiten ditut», azaldu du. «Maketa bakoitza egiteko 200-500 ordu artean behar izan dut. Udaletxeak 15.000 pieza dauzka; bera izan da gehien kostatu zaidana», dio.
Zailena, antolatzea
Hernandezek azaldu du, maketak egiterako orduan, zailena, antolaketa dela: «nondik hasi, zer jarri aurrena... ondo pentsatu behar da».
Egurra erabiltzen du maketak egiteko eta batez ere, haritza: «harri efektua egiten du eta hori gustatzen zait». Zenbait detaile pintatzen ditu, baina orokorrean barnizatuta bakarrik daude.
Eskolako umeei erakusteko asmoa
Hernandezen zenbait maketa aurretik ikusgai ere izan dira. Adibidez, Donostiako udaletxearen maketa bi hilabetez egon zen ikusgai udaletxean bertan, eta Aieteko jauregiarena ere bai, jauregian. Zenbait elkarrizketa ere egin dizkiote komunikabide ezberdinetan.
Orain, Biteriko erakusketa aprobetxatuz, eskolako umeei erakustea gustatuko litzaioke eta Kronikari azaldu dioenez, ikastetxeetako arduradunei proposatzeko asmoa du.