Joxemi Zumalabe fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu, gaurtik igandera bitartean, Zumalaberen omenez. 70 eta 80eko hamarkadan euskalgintzan eta kulturgintzan lanean aritu zen Zumalabe, eta larunbatean betetzen dira 20 urte, hil zela.
Mahai-inguruak, kultur ekitaldia eta omenaldia
Joxemi Zumalaberen omenez, hainbat ekitaldi antolatu ditu izen bereko fundazioak, gaurtik igandera bitartean.
Gaur, bihar eta etzi mahai-inguruak izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera denak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Landuko diren gaiak, hurrenez hurren, honakoak: Mugimendu sozialak eta prestakuntza; Kapitalismoak badu alternatiba; eta Euskal esparru komunikatiboa. Hizlariak izango dira, Miren Aranguren (Emagin), Nicola Foroni, IPES-GITEko ordezkari bat eta Paul Nicholson (EHNE) lehenengo mahai-inguruan; Mertxe Larrañaga (EHU), Iñaki Antiguedad (EHU), Hiria Kolektiboko ordezkaria eta Otxandioko Herri Ola egitasmoaren ordezkaria bigarrengoan; eta Lorea Agirre (MU), Iñaki Soto (Gara), Iban Arregi (Berria) eta Gorka Julio (Teketen), hirugarrenean.
Ostiralean berriz, margoa, antzerkia, kantua, bideoa, bertsoa eta beste hainbat kultur esparru batuko dituen ekitaldia izango da; Orain gurekin ez zauden arren izenburupean. Andoainen egingo da, Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, eraikinari Joxemiren izena jarriko zaio.
Azkenik, igandean, omenaldia egingo zaio Joxemi Zumalaberi, eguerdiko 12:00etan Larraitzen; errautsak dauden tokian, hain zuzen.
Euskalgintzaren aldeko apustua
Donostiarra izatez, Hernanin osatu zuen familia Joxemi Zumalabek.
Marrazkilaria, kazetaria eta enpresaburu euskaltzalea izan zen. Besteak beste, 1966an Zeruko Argia aldizkarian idazten hasi zen. 1987an berriz, euskerazko egunkari baten aldeko apostua egitea proposatu zuen, eta 1990eko abenduaren 6an Euskaldunon Egunkariako lehenengo alea argitaratu zen. Zumalabe bertako kontseilari ordezkaria izan zen, 1993ko urtarrilaren 12an hil zen arte, gaixotasun baten ondorioz.